Legazpiko goitibeheren egun handia
Legazpiko 10. eta azken txapelketa jokatu zen larunbatean. 41 partaide izan zituen guztira, tartean bost legazpiar. Felix Delgado bizkaitarra izan zen irabazlea.
Maldan Behera Inertzia taldeak antolatuta, Legazpiko Goitibehera txapelketaren hamargarren edizioa jokatu zen larunbat arratsaldean, Hegialden, Urtatzazarretik Ezkurreneara bitarteko bidean. Bertan, 41 pilotu ibili ziren lehian era askotako goitibeherekin.
Lau manga egin zituzten, eta Traparango (Bizkaia) Felix Delgadok irabazi zuen lasterketa 01:10.208ko denborarekin. Atzetik oso gertu Koldo Betanzos-Musta Chame bikoa sailkatu zen bigarren postuan, eta hirugarrenean, Aritz Astobieta-Aimar Goitia. Lehen hiru ibilgailuak neumatika kategoriakoak ziren, eta lehen posturarekin, Euskal Kopako lidergoari eustea lortu zuen Delgadok.
Lehen legazpiarra Julen Agirreburualde izan zen, sailkapen orokorreko hamaseigarren postuan, eta seigarrena Europako kategorian. Beste lau llegaziarrek ere parte hartu zuten txapelketan: Josu Agirrek, Aimar Polok, Aitzol Ugartek eta Aitor Rojok.
Azken txapelketa
Txapelketan «giro aparta» izan zela adierazi dute antolatzaileek, ezusteko txiki bat izan bazuten ere: «Proba hasi baino bi ordu eta erdi lehenago, bidea babesteko belar fardoak ekarri behar zigun kamiorik gabe geratu ginen, matxura bategatik. Eskerrak Oier Aizpuruk bere etxaldekoak utzi zizkigun!».
Legazpiko Goitibehera txapelketaren anekdota bildumarako geratuko da hori, hamar urtean zehar gertatutako beste batzuk bezala. Azkena izan zen larunbatekoa, Maldan Behera taldeak atseden hartzea erabaki duelako, eta, momentuz, erreleborik aurkitu ez duelako
SAILKAPENAK
Neumatikoak
1. Felix Delgado
2. K. Betanzos-M. Chame
3. A. Astobieta-A. Goitia
Europarra
1. Jose Luis Jr. Foronda
2. Jorge Perez-Laura Garai
3. Joseba Herreros
Legazpiarrak
Julen Agirreburualde (16.a)
Josu Agirre (34.a)
Aimar Polo (36.a)
Aitor Rojo (38.a)
Aitzol Ugarte (39.a)