Xabi Zurutuza etxerako bidean da, atzoko lasterketan erorikoa izan eta gero
Italiako Mogello zirkuituan izan zuen istripuan eskuineko omoplatoa eta humeroa hautsi zituen. Aste batzuetan moto lasterketetatik aldendu beharko da, baina "indarrez beteta" itzuliko dela agindu du.
Goizean zehar iritsiko da etxera Xabi Zurutuza moto pilotua, atzo Italiako Mogello zirkuituan izandako istripuan zaurituta suertatu eta gero. Erori egin zen Moto3ko munduko txapelketako lasterketan, eta atzetik zihoan beste pilotu bat gainetik igaro zitzaion. Eskuineko omoplatoa eta humeroa hautsi zituen legazpiarrak, eta ondorioz, aste batzuetan utzi egin beharko du lehia. Hegazkinez itzuli da Italiatik bere laguntzaileekin, eta Bilboko aireportura iritsi berria da.
Pilotuaren zaletuek animo mezu ugari helarazi dizkiote sare sozialen bidez, eta Zurutuzak berak erantzun die eskerrak emanez: “Eskerrik asko bihotzez nigatik kezkatu zareten guztiei. Ondo nago, eta hori da garrantzitsuena. Orain errekuperazioan pentsatu behar dut, indarrez beteta itzultzeko!”. Mugelloko zirkuituko komisarioei ere eskerrak eman dizkie, baita Moto GPko medikuei ere, “hain azkar eta modu profesionalean lan egiteagatik”.