Patxi Ezkiagaren herriko seme kuttun izaera baliogabetuko du Legorretako Udalak
Legorretako Udalak adierazpena egin du Patxi Ezkiaga Lasaren aurkako salaketa publikoaren harira. Patxi Ezkiaga Kultur Etxea hemendik aurrera Kultur Etxea soilik izango da eta haren omenez eginiko eskultura Etxezarreta auzoko parketik kenduko dute.
Legorretako Udalak adierazpena egin du Marisol Zamorak Patxi Ezkiaga idazle legorretarraren sexu abusuen inguruan egindako salaketen harira.
Honela dio hitzez hitz:
“Maiatzaren 31n, El Pais egunkarian eliza-eremuan egindako sexu-abusuei buruzko albiste bat argitaratu zen. Bertan, besteak beste, Patxi Ezkiaga Lasa legorretarraren aurkako salaketa publikoa jasotzen da. Salaketa horren arabera, Marisol Zamorak 8 urte zituenetik 13 urte bete bitartean behin eta berriz jasan zituen sexu-erasoak.
Legorretako Udalak irmo gaitzesten ditu edozein eratako sexu-erasoak, eta bereziki arbuiatu nahi ditu adin txikikoei egindakoak, adin txikikoen aldetik ezinezkoa delako onarpen erreala ematea; botere-harreman guztiz desorekatu bat dago beste aldekoa pertsona heldu bat denean, eta, ondorioz, edozein sexu-ekintza erasoa da.
Haurtzaroko esperientziek bizitzan zehar eragin latza izaten dute, eta gertatutakoa kontatzeko askotan urte gehiegi pasatzen dira. Beldurra izateak, gertatutakoa ezin ulertzeak, mina ezin kudeatzeak eta sinesgarritasun falta sentitzeak, besteak beste, izugarri zailtzen du gertatutakoa kontatzea.
Salaketa horrek zuzenean eragiten dio Legorretako Udalari, Patxi Ezkiaga Lasari urteetan zehar hainbat goraipamen eta izendapen egin dizkiolako. Hortaz, udalak erantzukizuna du dagozkion erabakiak hartzeko, erreparaziorako bideak irekitzeko eta salaketa publiko egin duen Marisol Zamorari babesa adierazteko. Horregatik, Legorretako Udala, dagozkion erabakiak hartu aurretik, harremanetan jarri da bai albistea argitaratu duen kazetariarekin, bai Marisol Zamorarekin eta bai La Salle kongregazioarekin”.
Hala, Legorretako Udalak, honako hau erabaki du:
- Patxi Ezkiaga Lasari herriko seme kuttun izaera baliogabetzea.
- Patxi Ezkiaga Kultur Etxea hemendik aurrera Kultur Etxea soilik izatea.
- Haren omenez eginiko eskultura Etxezarreta auzoko parketik kentzea.