Aralar parke naturalaren eguna igandean ospatuko dute, Esnaurretan
Antolakuntzak Lizarrustira joateko eta handik itzultzeko doako autobus zerbitzua ipini du.
Parke naturalek herritarren ongizatean eta «oreka berdean» daukaten garrantzia erakusteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak igandean ospatuko du Aralarko parkearen eguna. Herrialdeko lau parke naturaletako bakoitzari egun bana eskaini die, eta Aiako Harrikoa, Aizkorri-Aratzekoa eta Pagoetakoa ospatu ondoren, Aralarren izango da azkeneko ospakizuna.
Esnaurreta saroia eta Pikueta ingurua aukeratu dituzte festarako lekutzat. Igandean, 09:30ean ibilaldia izango da aurrena, Lizarrustiko parketxetik Esnaurretara, parte hartu nahi duten herritar guztientzat. Bi ordu inguruko bidea da, eta ingurumen hezitzaile batek azalduko ditu jakingarri nagusiak.
Festak ekitaldiak Esnaurretan egingo dituzte, 11:30etik aurrera. Artaldea gobernatzen ikusi eta Basabizi elkarteak sendatutako hegaztiak askatu ondoren, palankarien herri kirol erakustaldia, Et Incarnatus orkestrako lau musikariren emanaldia eta gazta dastatzea izango dira. 14:00etan amaituko da egitaraua, atzera oinez Lizarrustirantz abiatuta.
Autobusa Lizarrustira
Antolakuntzak Lizarrustira joateko eta handik itzultzeko doako autobus zerbitzua ipini du. Donostiatik 08:00etan abiatuko da autobusa, Tolosan (Rondilla 34an) 08:30ean, Ataun San Martingo plazan 09:00etan, eta Ataun San Gregorion 09:05ean geratuko da. Aurrez izena ematea ezinbestekoa da (943 18 03 35).