Beasain futbol taldeak ezin izan du bete maila igoerako ametsa
Portugaletek lortu du finalerako txartela 1-2 irabazita. Eizmendik sartu zuen etxekoen gola, baina ez zen nahikoa izan. Hirugarren Federazioko ligan jokatzen jarraituko du Beasain KEk.
Honaino iritsi da Beasainek bigarren federazioko futbol ligara itzultzeko ametsa. Play Offeko kanporaketaren itzulerako partidan, Portugaleteren aurka larunbatean izan zuen porrotak, maila igoerako borrokatik kanpo utzi ditu beasaindarrak. Denboraldi landuari amaiera bikaina emango lioke, baina, hala ere, merezi du aintzatespena.
Emozioa eta esfortzua izan ziren protagonista Loinatz zelaian. Helburu bakarrarekin zelairatu ziren jokalari guztiak, gogor borroka egitea, eta horren lekuko izan ziren harmailak bete zituzten ikusleak, baina azkenean, talde bisitariaren alde egin zuen arratsaldeak (1-2).
Lehen zatiko aukerarik argiena Iñigo Martinek izan zuen 17. minutuan. Aurrelaria ate aurrean jarri zen, baina atezaina hobea izan zen. Beasainek lehen zatiko azken hogei minutuetan kontrol handiagoa izatea lortu zuen eta atsedenaldiaren aurretik gola sartzeko aukera izan zuen Ximon Arangurenek, baina baloiak ez zuen zutoin artean sartu nahi izan, hartara, markagailua hutsean iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, orria zuri, guztia idazteko zuten, baina bisitariek ezker hegaletik egindako jokaldi batean, erdiraketa eta Aitor Villarren gola iritsi zen. Zero eta batekoa, beraz, zortzigarren minutuan. Zazpi minutu geroago, ezker hegaletik beste jokaldi bat egin zuen Villarrek, area puntatik jaurti eta eskuadratik gola sartu zuen.
Bizkaitarrek eskura zuten kanporaketa, baina dena zaildu zitzaien epaileak falta batean Santamaria kalera bota eta Alain Eizmendik etxekoentzat gol ikusgarri bat sartu zuenean. Baina ez zen nahikoa izan, eta Beasain kanporatua izan zen.
Batzar nagusia
Bestalde, ohiko batzar nagusirako deialdia egin du Beasain Kirol Elkartean. Ekainaren21ean, ostirala, izango da, Loinatz Futbol Zelaiko bilera gelan egingo den. Bi txanda izango dira; 19:00etan izango da lehen deialdia, eta 19:30ean bigarrena. Eguneko gai zerrenda ondorengoa izango da: 2023ko ekitaldiko kontuen balantzea, kontuak ematea eta, hala badagokio, onartzea; 2024ko ekitaldirako aurrekontua; 2023-2024 denboraldiko informazio garrantzitsua; 2024-2025 denboraldirako fitxaketen informazioa; eta galde-eskeak. Batzarrean parte hartzeko deia egin die klubak bazkideei.