Bertsolaritza interes kultural immaterialeko ondare izendatu du Eusko Jaurlaritzak
Gaurko Gobernu Kontseiluan izendatu du 'Euskadiko interes kultural immaterialeko ondare' eta aurki egingo da izendapen ofiziala. Nafarroan 2018an egin zioten aitortza eta Ipar Euskal Herrian 2022an. Aitortza hori "komunitate oso baten lanari esker" lortu dela nabarmendu du Bertsozale Elkarteak.
2018an Nafarroan, 2022an Ipar Euskal Herrian eta orain, 2024an, EAEn izendatu da bertsolaritza Kultura Ondare Immaterial. Eusko Jaurlaritzak gaurko Gobernu Kontseiluan izendatu du Euskadiko interes kultural immaterialeko ondare, eta aurki egingo da izendapen ofiziala. Aitortza hori “komunitate oso baten lanari esker lortu” dela nabarmendu du Bertsozale Elkarteak.
Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduradunak eman du prozesuaren berri:
Izendapenarekin, kultura ondare immaterialak dituen ezaugarriak aitortzen zaizkio bertsolaritzari, balio handiko ondare egiten dutenak: belaunaldiz belaunaldi helarazia, komunitateei identitate sentimendua ematen diena, eta kultura aniztasunarekiko eta giza sorkuntzarekiko errespetua areagotzeko laguntza ematen duena.
Era berean, berau babesteko neurriak ere aitortzen zaizkio; besteak beste, komunikazio eta publizitate kanpainak, prestakuntza programak edota beste administrazio batzuekiko hitzarmenak. Euskal Autonomia Erkidegoa gainditzen duen jarduera izanik, kooperazio akordioak ere aipatzen dira Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoarekin.
Unescok Kultura Ondare Immateriala babesteko 2003ko Konbentzioa onartuta, bultzada eman zion ondare immaterialaren aitorpen juridikoari. Nazioarteko erakundeak kultura-ondare immaterialaren inbentarioa egiteko eta jendearen esku jartzeko prozesua gomendatzen du; inbentarioa inbentariatutako kultura ondare immateriala babesteko plan zehatzak formulatzeko oinarri izan daiteke.
Konbentzio horretan oinarrituta, administrazio bakoitzak bere legeria garatu du, eta horren baitan egin du eskaera Bertsozale Elkarteak eta eskuratu du izendapena bertsolaritzak lurralde administrazio ezberdinetan: Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko lurraldeei zegokien izendapena lortuta, orain eskuratu du bertsolaritzak kultura ondare immaterial izendapena EAEn, 2020an Bertsozale Elkarteak egin zuen eskaerari erantzunez.
Ainhoa Urien Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kideak egin du izendapenaren balorazioa:
Aitortza izanagatik, lanean jarraituko dute Bertsozale Elkartean. “Elkarteak bere egitekoan barneratuta du bertsolaritza zaintzeko betebeharra, hezkuntzan, plazan edota ikerkuntzan egiten duen lanaren bidez, eta kulturgintzan, euskalgintzan edota nazioarteko erakundeekin dituen elkarlanen bidez. Eta noski, bertsolaritzaren ekosistema osatzen duten bertsolari, gai-jartzaile, epaile, antolatzaile, bertso-eskola, elkarteko bazkide eta zaleei esker”.
Beñat Gaztelumendik izendapenak ekarriko dituen ondorioez egin du hausnarketa: