Zeraingo baserri bateko senar-emazteak atxilotu dituzte, lan-esplotazioa egotzita
Asteko zazpi egunetan egiten zuten lan langileek, atseden hartzeko eta bajarako eskubiderik gabe. 400 euro jasotzen zituzten trukean.
Ikerketa maiatzaren 29an hasi zen. Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Probintzialak Zeraingo baserri batean kontrol bat egin zuen, laguntza-eskaera bat jaso zutelako. Baserriari ikuskapena egin ziotenean, poliziek lau langile aurkitu zituzten; bakar batek ere ez zuen lan-kontraturik, ezta, beraz, Gizarte Segurantzako afiliaziorik ere. Gainera, horietako hiru egoera irregularrean zeuden.
Langile horiek Poliziari egindako adierazpenetan, adierazi zuten lanaldia astean zazpi egunekoa zela eta ez zutela atsedenik hartzeko aukerarik, ez eta gaixorik zeudenean ere. Hilean 300 eta 400 euro artean jasotzen zituztela, jabeen borondatearen arabera. Gaineratu zutenez, ez zuten inoiz prestakuntzarik jaso ganadua zaintzeko. Horrela, animaliekin lan egiteko norbera babesteko ekipamendurik gabe lan egiten zuten eta kutsa zitzaketen gaixotasunen eraginpean zeuden. Langile guztiak egoera ahulean zeuden; izan ere, “enplegatzaileek bazekiten beren familiak jatorrizko herrialdean zituztela, eta baldintza horietan lan egitea beste aukerarik ez zegoen”, zehaztu dute iturri berberek.
Horregatik guztiagatik, ekainaren 5ean atxilotu zituzten baserriaren jabeak, eta Tolosako Guardiako Instrukzio Epaitegiaren esku utzi zituzten.