Energia komunitateen inguruan bilkura egin dute Legorretan
Topaketaren helburu nagusia energia komunitateen arteko sareak ehuntzea da, eta horretarako, hainbat eredu eta proiektu eman dira ezagutzera.
Energia komunitateen inguruko topaketa egin dute gaur goizean Legorretan, Udalbiltza Partzuergoak Energia Komunitateak: harreman sareak ehuntzen izenburupean. Topaketa honen helburuak energia komunitateen arteko sareak ehuntzea, proiektuen arteko elkar ezagutza sustatzea eta Euskal Herri mailako harreman sare bat eraikitzeko aukera aztertzea da, dagoeneko abian dauden energia komunitateei euren garapenean laguntzeko bidean.
Topaketa hau 09:00etan hasi eta eguerdi inguruan amaitu da. Herri Aretoan burutu da, eta Legorretako alkatearen ongi etorriarekin hasi da. Ondoren, Hitzar Energia Komunitateak hartu du hitza, euren proiektua aurkezteko. Udalbiltza Partzuergoko lehendakariak ere parte hartu du, energia komunitateen arteko harreman sareak ehuntzeko premiari buruz hitz egiteko.
Euskal Herriko errealitate ezberdinak aurkeztu dituzte, gainera: Debagoienan sortutako Ernamuina taldea, ipar Euskal Herriko I-ENER, Nafarroako eredua, eta Catalunyako SOM Comunitat sarea. Amaitzeko, Enerkide proiektua ere eman dute ezagutzera.