Eraikinaren erosketa prozesua martxan jartzea erabaki du Biziola Kooperatibaren batzarrak
Biziola kokatzen den eraikina erostea "ezinbestekotzat" jo dute Kooperatibako kideek, "Goierrin ekonomia sozial eraldatzailean diharduten proiektu eta kooperatiben topaleku eta lan leku" izateko.i
Biziola Kooperatibako ia 100 bazkideren parte-hartzearekin, batzarra egin dute goizean Biziolan. Aurreko urteko kontuak aurkeztu dituzte lehenik, eta ekintzen memoria ondoren.
Iazko urtarrilean ireki zituen ateak Biziola Dendak, eta ordutik, “elikadura kateko katebegi ezberdinetan proiektu eraldatzaile ezberdinak sustatu ditu, elikadura burujabetzaren bidean pausoak emateko”. Gaur egun 462 bazkide erabiltzaile eta 30 ekoizle batzen ditu Goierriko kooperatiba horrek, eta lehenengo urte honetan 3 ekoizle berri martxan jartzen lagundu dutela adierazi dute arduradunek.
Iazko kontuen berri eman eta gero, 2024. urterako kudeaketa plana aurkeztu dute. Orain arte, elikaduraren lerroan aritu bada ere bereziki kooperatiba, aurtengoa lerro berriak martxan jarri eta indartzeko urtea izatea nahi du. Zentzu horretan, Polo Kooperatiboaren proiektuan egin dute azpimarra. Goierrin ekonomia sozial eraldatzailean diharduten proiektu eta kooperatiben topaleku eta lan leku izatea nahi dute Lazkaon egoitza duen Biziola, eta horren bidean pauso garrantzitsuak ematea aurreikusten dute 2024ean.
Polo Kooperatiboa garatzeko, ordea, “ezinbestekoa” da, Kooperatibako ordezkarien hitzetan, gaur egun Biziola kokatuta dagoen eraikina erostea. Hain justu, hori bera izan da batzarrean aurkeztu duten azken puntua. Fabrika erosi ahal izateko finantziazio proposamen bat ere aurkeztu dute, eskualdeko erakunde eta bestelako eragile kooperatiboekin garatzeko lankidetza proposamenarekin batera.
Aurkeztutako puntu guztiek bazkideen babes zabala jaso dute, eta onartuta geratu dira iazko kontuak, aurtengo kudeaketa plana, barne araudia eta erosketa prozesua martxan jartzeko proposamena.