Gazteek irabazi dute Segurako herri-kirol desafioko garaikurra
Sokatiran, ordea, beteranoak izan dira garaile. Xepeño Agirre zena gogoratzeko antolatutako ekitaldia izan da norgehiagoka.
Gazteak beteranoak baino gehiago izan dira gaur arratsaldean Seguran jokatu den herri-kirol desafioan, eta horientzat izan da garailearen garaikurra. Beteranoak, ordea, nagusi izan dira kirol probei amaiera eman dien sokatira saioan. Izarra Urdalleta alkateak eman die irabazle garaikurra gazteei, eta partaide guztiek batera taldeko argazkia atera dute amaitzeko.
Otsailean zendu zen Xepeño Agirreren oroimenez antolatutako kirol desafioa izan da, beteranoen eta gazteen artekoa.
Beteranoen taldea Elorri, Zopajale eta Txoritegi elkarteetako kideek osatu dute eta gazteena, Segurako eta Zeraingo gazteek. Zortzi kide izan dira taldeko. Bola eta toka tiraldiekin hasi dute desafioa, eta ondoren, korrika, ingudearekin harria jasotzen, trontzan, txingekin eta oskolak jartzen eta biltzen aritu dira. Amaitzeko, sokatira tiraldia egin dute. Sari banaketaren aurretik, bertso batzuk bota dituzte Gabiriako Aratz Igartzabal eta Segurako Eneko Araiztegi bertsolariek.
Segurako plazan giro bikaina sortu da norgehiagoka honen aitzakian, eta kirolarien artean kiroltasuna eta adiskidetasuna izan da nagusi.