Muru Azpik irabazi dio Lakiola Aundiri giza proban
Legazpiko bi baserrien arteko desafioa giro paregabearekin egin da Haztegiko patioan. Bi taldeetako kideak elkarrekin bazkaltzen ari dira orain.
Legazpiko Haztegi ikastolako patioa goraino bete da gaur eguerdian, Muru Azpi eta Lakiola Aundi baserrien arteko giza-proba desafioa jarraitzeko. Muru Azpiko Agustin San Martin Txamarrek bota zion desafioa Lakiola Aundiko Luis Ibargureni, eta baserri bakoitzaren inguruan talde bana osatuta, gaur izan da indarrak neurtzeko eguna.
Zortzi lagunez osatutako bi talde atera dira plazara, Muru Azpik Telleria abizenaren inguruan, eta Lakiola Aundik Ibarguren abizenaren inguruan.
Talde bakoitzak 650 kiloko harriari tiraka jardun du 15 minutuz, nork plaza gehien egin. Muru Azpik egin ditu gehienak: 33 plaza eta 13’40 metro. Lakiola Handik 32 plaza 4’60 metro egin ditu.
Bi taldeen artean lehia izan bada ere, eta Muru Azpik irabazi badu ere, partaide guztien arteko adiskidetasuna eta giro bikaina izan dira irabazle nagusiak. Jokoan bazkaria zuten, eta galtzaileek arkume jana ordaindu beharko diote irabazleei. Gaur bertan dute bazkari hori, eta proban zehar izan den giroak hor izango du jarraipena. Lakiolakoak errebantxa eske joan dira bertara.