Legazpin Aniztasun afektibo sexualaren lehen astea ospatuko dute
Hainbat ekitaldi antolatu ditu udalak datozen egunetarako, eta mural bat margotzen ari dira Aizkorri kalean. Ekainaren 28an ortzadarraren koloreekin argiztatuko dute udaletxea.
Legazpiko Udalak bat egin du ekainaren 28ko aniztasun afektibo sexualaren egunarekin, eta hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako. Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua eta egun horren harira Aizkorri kalean egiten ari diren murala, gizarte gaietako zinegotzi Josu Santurdek, udaleko Gizarte Zerbitzuetako koordinatzailea Nerea Arregik eta Udane Juaristi artistak.
Santurdek Legazpiko Aniztasun Afektibo Sexualaren aste honen testuingurua azaldu du, eta lehenik, gogoratu du herrialde askotan sexu bereko pertsonak maitatzeagatik jazarpena jasaten dutela herritarrek oraindik, eta ekainaren 28an Legazpiko Udalak pertsona horiekiko elkartasuna eta babesa adieraziko diela, diskriminazio hori desagerrarazteko eskatuz. Diskriminazio horren adierazle LGTBQIA+ pertsonek bizi duten ezkutatzea dela zehaztu du, batez ere lesbianek, transexualek, pertsona helduek edo aniztasun funtzionala dutenek pairatzen dutena, baita «gaur egun gure hirietako espazio publikoetan jasaten dituzten eraso fisikoen gorakada» era, horrek erakusten duelako askatasunik ez dagoela berdintasunean sexu eta genero askatasuna adierazteko eta bizitzeko.
Halaber, gogora ekarri du 1990etik, legearen aurrean, sexu eta genero orientazioa alde batera utzita herritarren berdintasuna bermatzeko aurrerapen asko eman direla administrazio publikoan, eta Legazpiko Udalak ere lan horretan diharduela.
Ekitaldiak eta murala
Hiru ekitaldik osatuko dute Legazpiko lehen Aniztasun Afektibo Sexualaren Astea. Bihar osteguna izango da lehen hitzordua, Que fuerte lo de Gloria antzezlanarekin, Latxartegi aretoan izango da, 18;00etan, 5 euroren truke. Hilaren 25ean, berriz, Iñigo Lamarcak La suerte de Regi liburua aurkeztuko du Kultur Etxean, 18:00etan, Eta amaitzeko, hilaren 28an, dantza saioa izango da Azokan 22:00etatik aurrera, Dj Gel-en eskutik.
Ekitaldi sortaz gain, udaletxea ortzadarraren koloreekin argiztatuko dute egun horren harira.
Bestalde, Aniztasun Afektibo Sexualaren aste honek izango du beste adierazpen bat, Aizkorri kalean Udane Juaristi artista azkoitiarra egiten ari den murala. Herriko 14 urteko nerabe batzuren laguntza izango du lan horretarako. Juaristik azaldu duenez, hainbat irizpide hartu ditu kontuan lana osatzeko. «Aske hitza da leloa, askatasuna transmititu nahi dudalako. Koloreak ere garrantzitsuak dira, eta ortzadarraren banderako koloreekin jokatu dut. Azkenik, elementu diferenteak sartuko ditut, bi aurpegi eta bi figura. Horrekin guztiarekin, konposizio bat eraikitzen saiatu naiz. Gaztetxoek egindako proposamen batzuk ere sartuko ditut lanean era artistikoan, nire estilora ekarrita». Lan honekin muralismoa kalera atera nahi izan duela ere azaldu du azkoitiarrak, «jendeak artea gertutasun batetik ikusteko eta bizitzeko, eta prozesua ezagutzeko». Muralak sentsibilizazioaren duen helburua ere azpimarratu du. Pintura plastikoarekin ari da egiten lana. Astelehenean hasi zen, eta gazteen laguntzarekin, ostiralean amaitzea espero du