EHUk ez du akordio berririk egingo CAFekin
Agustin Erkizia errektoreordeak iragarri duenez, EHUk ez du CAFekin akordio berririk sinatuko Jerusalemgo tren arinaren proiektuan jarraitzen duen bitartean.
Gaur ziren sinatzekoak EHUko Ibaetako gobernu batzordearen eta CAF enpresaren akordio berria, CAFek Bilboko ingeniaritza eskolan duen antzeko akordio bat lortu nahi zuelako Gipuzkoako Ingeniaritza eskolarekin ere. Berri horren aurrean, BDZ Kanpaina Gipuzkoa (Boikot, Desinbertsio eta Zigor) eta EHU Palestina taldeetako 30 lagunek elkarretaratze bat egin dute, 8:45ean errektoreordetzaren atarian, akordio horren aurkakotasuna aldarrikatzeko. Bilera hori amaituta, baina, bi taldeetako hainbat kide Agustin Erkizia Errektoreordearekin elkartu dira, eta Erkiziak berak jakinarazi die Jerusalemgo proiektuarekin jarraitzen duten bitartean, EHUk ez duela CAF enpresarekin akordiorik sinatuko.
Kideek baieztatu dutenez, tren horren proiektuak palestinar herriak “pairatzen duen zapalkuntza kolonial eta apartheid sistema” sendotzen du. Izan ere, estatu sionistako herritarrak baterik bestera garraiatzen dituzte, eta “kolonia ilegalak” sendotzen dituzte, palestinar herritarrak azpiratzen dituzten bitartean.
Gauzak horrela, ulertezina egiten zitzaien EHUk halako jarduerak hauspotzen dituen enpresa batekin harremanak izatea. Are gehiago, EHUk apirilaren 24an gehiengoz onartutako mozioan, uko egiten ziolako formalki nazioarteko zuzenbidea edo Nazio Batuek Palestinako egoerari buruzko ebazpenak errespetatzen ez dituzten eragileekin hartu-emana izateari. Hala, “pauso logikoa” da, taldeen arabera, CAFekin akordiorik ez sinatu izana.
Albistea osoa Irutxulo.hitza.eus webgunean.