Garai bateko belar lan haiek
Erakustaldi bizia egingo dute igande goiz-eguerdian Telleriarte auzoan, duela 50 urte belarrarekin egiten ziren lanak gogoratzeko. Burdinola elkartea da sustatzaile nagusia, eta auzokoak laguntzaile.
Burdinola elkarteak eta Telleriarte auzoak bat egin dute igande goizerako plana proposatzeko. Lehen baserrietan egiten ziren belar lanen erakusketa bizia egingo dute, San Joan jaietan. Hainbeste denbora ez dela egiten ziren lan haiek, eta gaur egun ere oraindik hainbat tokitan egiten direnak gogoratzeko eta ezagutzeko parada izango da, 10:00etatik aurrera.
Jose Luis Ugarte Burdinola elkarteko kideak azaldu duenez, aurtengo jaietarako belar lanen erakustaldia egitea proposatu zieten Telleriarteko bizilagunei, eta «ideia deia ona iruditu zitzaien, jaiak bizitzeko aukera ona zela ikusi zutelako eta ondo pasatzeko ere, paregabea». Hala, jai batzordeak lagunduta, aurrera egin dute.
Goiz osoko erakustaldia
Erakustaldia goiz osokoa izango da. Zelaietan duela 50-60 urte nola lan egiten zen gogora ekarri nahi dute, eta horretarako, garai hartako jantziak, tresnak, animaliak eta ibilgailuak erabiliko dituzte. Auzotarrak prestatu dira lan haiek erakusteko. Belarra ebaki, buelta eman, bildu, gurdian eraman, belar meta egin eta sega pikatuko dute, besteak beste.
Belar lanen festa 10:00etan hasiko da, eta plazatik «kuadrilla ugari bat abiatuko da Agerre Beheko zelaira, belarra ebakitzera eta ekartzera, idiek tira egindako gurdiarekin». Itzuli eta gero, Uztarri elkartearen atzeko aldean, trikiti doinuak lagunduta, sega pikatu eta belar meta egingo dute, edo «bedar sugatza», Legazpin esaten zen moduan. Hala ere, Ugartek zehaztu du «zuatza» soilik erabiltzen zela, «gaur meta orokortuta badago ere, Legazpin ez zen erabiltzen, gari metak eta bedar metak akaso bai, pilak adierazteko. Baina erdiko haga daukatenak belar sugatzak dira eta Legazpin, zuatza soila». Belar hitzerako «bedar» erabiltzeak, bestetik, «erakusten du, Goierriko herri gehienak ez bezala, Legazpik mendebalderako daukan joera. Zegaman ere, bedarra erabiltzen dute» .
«Belar sugatza egingo dute, eta sega pikatzen ere ibiliko dira»
Jose Luis Ugarte. Burdinola elkartea
Bitartean, udalak duela 30-bat urte berreskuratu zuen antzinako zalgurdi bat ibiliko da «harutz eta honutz, txikienak gainean eramanez». Gainera, gaiaren inguruko argazki erakusketa bat ere egongo da ikusgai, Julian Auzmendirena.
Erakustaldi gehiago
Burdinolak egin ditu aurretik erakustaldi gehiago. Lehena, 2005ean egin zuen, Egialden txondorra piztuta, Angel Jauregi maisu zutela. Bigarren erakustaldia ere Egialden egin zuten, 2007an; orduan Santi Etxanizen laguntzarekin, basoko lanak izan ziren ardatz. Aurrerago, 2010. urtean, Aztiriako Zabaleta baserriko Inazio eta Genaro Arsuagarekin ‘garotea’ edo garo lanen prozesua grabatu zuten. Hurrengoa, 2015ean izan zen, eta orduan haizeola piztu zuten Telleriarten. Azkena, 2016koa izan zen, hura, Ricardo Mediavillaren sutegiko lanena.
Telleriarteko San Joan festak
Zaindariaren egunean bertan eta bezperan ospatuko dituzte aurten San Joan jaiak Legazpiko Telleriarte auzoan. Karpa jarriko dute laster Harrizabala plazan, eta San Joan makila zutituta dute auzoko elizako plazan. Auzotarrak ere prest daude jai batzordeak prestatutako bi eguneko egitarauaz gozatzeko.
Aurtengo festak igandean hasiko dira, San Joan bezperan, eta astelehenean amaitu. Ohiko ekitaldiak izango dira bi egun horietan, musika, jatekoa eta tradizioa batuko dituztenak, eta herritarrak elkartzeko aitzaki ederra eskainiko dutenak. Aurten, erakusketa berezi bat ere izango dute berritasun, Burdinola elkartearen batera belar lanen inguruan prestatutakoa –Goiko erreportajean dator informazioa–.
Igandeko 10:00etan hasiko dira festak, Goiz Deia txistularien goiz eresiarekin. Ordu horretan bertan hasiko dira, baita ere, belar lanak auzoko zelai batean, eta jarraipena izango dute eguerdian Uztarri elkartearen inguruan. Trikiti doinuak ere izango dira, Iosu eta Furrielarekin. 14:00etan bazkaria izango da. Hurrengo egunean, 12:00etan meza eta lore bedeinkapena egingo dituzte elizan, eta ondoren, luntxa eskainiko dute plazan. Arratsaldean, txirrindulariak izango dituzte.