Parisko Olinpiar Jokoetarako gutxienekoaren bila datoz atletak Ordiziara
Larunbatean jokatuko da Ordiziako Altamira estadioan, 19:00etan hasita. Maila handiko jardunaldia izango da aurtengo Jose Antonio Peñaren oroimenezkoa. Parisko Olinpiar Jokoetara joateko azkeneko aukera da atleta askorentzat.
Urtetik urtera «kalitatea, ospea eta prestigioa» igotzen ari den Ordiziako Jose Antonio Peñaren oroimenezko atletismo mitinaren 8. ekitaldia maila gorenekoa izango da. Larunbatean, 19:00etatik aurrera, Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko begi asko Altamira estadioari begira jarrita egongo dira, Parisko Olinpiar Jokoetarako gutxieneko markak hobetu nahi dituzten atleta ugarik parte hartuko dutelako. «Parisko Olinpiar Jokoetara joateko azken aukera izango da», dio Eneko Agirrezabal Txindoki Atletismo taldeko lehendakariak. «Bereziki erakargarriak izango dira 800 eta 1.500 metroko probak, baina guztietan egongo da maila ona».
Gizonezkoen 100 metrotan, “asteartean Bilbon 10 segundotik jaitsi zuen Jhonny Renteria kolonbiarra etorriko da. 1500 metrotan 3:32-3:33 egin duten atletak, Ignacio Fontes espainiarra tartean». 110 metro hesietan «Orlando Ortega dator, 2016ko olinpiar jokoetan bigarren izan zena eta oraintxe Euskadiko errekorra egin duen John Cabang irurarra». Emakumezkoetan pertika jauzian Roberta Bruni italiarrak parte hartuko du eta luzera jauzian Khaddi Sagnia suediarrak. «800 metrotan Ordizian behin baino gehiagotan egon den Rose Mary Almanza kubatarra ariko da eta 400 metrotan beste kubatar bat, 50 segundoren bueltan dabilen Roxana Gomez». Euskaldunei dagokionean, John Cabangez gain, nabarmentzekoak dira ondorengoak: Irati Mitxelena eta Iker Arotzena luzeran, Martin Segurola 1500en, Maialen Axpe eta Malen Ruiz de Azua pertikan.
Berrikuntza, argi sistema
Atleten mailaz gain, aurten bada beste berritasun bat: atletei marka hobetzen lagunduko dien E-Rbi argi sistema. Xebas Telleria ingeniariaren laguntzaz sortu dute. «Jendearen arreta erakarri du, batez ere 800 eta 1500 metroko atleten artean”. Hori bai, argiak hobeto ikusi ahal izateko, atletismo mitinaren ordua atzeratu egin dugu pixka bat».
Besteak beste, Ordizia eta Beasaingo udalen, Laboral Kutxaren, foru aldundiaren eta jaurlaritzaren laguntza du mitinak. Aurten lehengo aldiz, 5 euroko sarrera ordaindu beharko da ikuskizuna ikusteko. «Sinbolikoa da, egiten den lanari aitortza egiteko».
Streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango da Txindoki atletismo taldearen Youtube kanalean. Egunean bertan baita ETBren webgunean, eta igandean, ETB1en, 15:00etatik aurrera. «ETBk lehenengo aldiz emango du pistako atletismo proba bat».