«Akordioetarako prest gaude bai Berdeekin bai EH Bildurekin»
Alkatetzan urtebeteko bidea egitean, Eric Galvezek legazpiar guztiekin konpartitu nahi izan du egindako lana, udalak esku artean dituen proiektuak eta erronkak, eta oposizioarekin duen harremana.
Urtea da Eric Galvezek Legazpiko alkatetza hartu zuenetik. Aurretik ezagutzen zuen udaleko jarduna, bi legealditan zinegotzi izan zelako. Kargu berrian daraman denboraren balorazioa egin du.
Nolako abiaduran joan zaizu urtea?
Oso trinkoa izan da urte hau, eta pertsonalki aldaketa handia ere bai. Alkate izateak 24 orduko lana suposatzen du, baina oso eskertuta nago herritarren aldetik jasotzen dudan maitasuna eta babesagatik.
Zein da lehen urte honen balorazioa?
Oso pozik nago izan dugun hasierarekin. Herritarren aldetik jaso genuen agindua betetzen ari garela uste dut. Bestalde, Gobernu taldeko kideen lan bikaina azpimarratu nahi dut, baita bizilagun eta elkarteekin izan ditugun hartu emanak ere. Guretzat ezinbestekoa da herritarrekiko lan eta komunikazio zuzen hori; horregatik jarri genuen martxan Eraiki Dezagun Legazpi bezalako proiektu bat.
Urte betean zertarako denbora eman dizue gobernu taldekoei?
Asko izan dira aurrera eramandako proiektuak eta bidean daudenak. Aipagarrienen artean, Itxaropeneko irisgarritasun lanak, kiroldegiko kantxa berria, HAPOri eman diogun bultzada eta kultura eskaintza handitzen hasi izana daude. Gainera, Ezkurreneako lehenengo solairuan eguneko zentroa martxan jarri dugu dagoeneko, Erdi Aroko Azoka egin genuen eta TEK Legazpi abian da. San Ignazioko lehenengo txabola bota ondoren, guztiak botatzeko bidean gaude gunea birsortzeko, eta auzoan txakur parkea jarri dugu. Hor daude ere Txillidaren urteurrenaren ekitaldiak, Arantzazuko eskola txikiaren teilatuaren aldaketa, Domingo Agirreko beheko sarreran irisgarritasunaren hobekuntza, Junetorria doan izatea, Hezkuntza Mahaia martxan jarri izana…
«Oso eskertuta nago herritarren aldetik jasotzen dudan maitasunagatik eta babesagatik»
«Guretzat ezinbestekoa da herritarrekiko lan eta komunikazio zuzena»
Eric Galvez. Legazpiko alkatea
Zeintzuk dira orain Legazpin dauden proiektu nagusiak?
Egun batzuetan San Ignazioko ur parkea abian jarriko da, eta hilabete honetan ere Domingo Agirreko frontoiko estalkia aldatzen hasiko dira, Irene Paredes kirol guneko zelaia aldatuko dugu, eta atletismoko tartarrean ere hobekuntza batzuk egingo dira.
Eta aurrera begira?
Bikuña kiroldegiko gimnasio berriaren proiektua ia amaituta dagoela esan behar da, eta horrekin batera ordutegia ere zabalduko da. Gainera, Aizkorri kaleko berrurbanizazioaren bigarren fasearen lizitazioa martxan daukagu. Baditugu proiektu gehiago esku artean, eta bat Latxartegi parkeari dagokiona da, goitik behera eraldatzeko parte hartze prozesua diseinatzen ari gara. Lehen aipatu ditudan San Ignazioko txabolen inguruan, terrenoa erosteko bidean gaude, eta ondoren txabola horiek guztiak botako ditugu. Bestalde, Papelerako terrenoak ere erosteko lehen pausoak eman ditugu, etorkizunean etxebizitzak eraikitzeko aukera izan dezagun, Legazpira bizitzera datozen herritarrei zuzendutako Ongi Etorri Gida laster amaituko dugu, eta Arrobi mendian berrikuntzak egingo dira.
Nolako giroa dago udalean, nola konpontzen zarete oposizioarekin? Gogoratu behar da EH Bilduk lortu zituela boto gehien hauteskundeetan.
Bosna zinegotzi ditugunez, bai Bilduk eta bai guk, garbi genuen gure proiektua garatzeko gehiengo sendo bat behar genuela, horregatik PSE-EErekin gobernu akordio batera iritsi ginen, gehiengo absolutua izanik. Hala ere, nahiz eta gehiengo absolutua izan, akordioetarako prest gaude bai Berdeekin bai EH Bildurekin. Horren isla da 2024ko aurrekontuak kontrako bozkarik gabe onartuak izan zirela. Horrelakorik ez da gertatu gutxienez azkeneko lau legealdietan, eta horrek esan nahi du erlazio normalizatu bat edukitzen saiatzen ari garela. Sinetsita gaude hori herriarentzat dela onena.