Barrendain, nahi gabeko bakardadearen aurkako plaza
Gipuzkoako Foru Aldundiak espazio publikoak eraldatuko ditu bakardadeari aurre egiteko. Barrendain plazatik hasiko dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Barrendain plaza eraldatuko du aukeratu gabeko bakardadeari aurre egiteko. Elkarrizketa sustatzeko bankuak jarriko dituzte eta belaunaldien arteko harremana bultzatzeko eta kirolarekin eta osasuna sustatzearekin lotutako jarduerak garatzeko espazioak sortuko dituzte. Datorren urtean amaituko dira obrak.
Barrendian plaza berria diseinatzeko prozesua “oso parte-hartzailea” izan dela esan du Eider Mendoza Ahaldun nagusiak. Azpimarratu du, 30 pertsonak baino gehiagok hartu dutela parte, besteak beste, hirugarren sektoreko eragileek, unibertsitatekoek, enpresek, erabiltzaileek eta Beasaingo Udaleko ordezkariek.
Leire Artola Beasaingo alkatearen arabera, Kalelagun bezalako proiektu aitzindari batean elkarlanean aritzeak bat egiten du Beasaingo Udalaren helburuarekin. “Beasaindarren bizi-kalitatea eta ongizate integrala hobetzearekin, hain zuzen ere”. “Barrendain plaza bezalako leku enblematiko bat are gehiago bihurtuko da topaleku, atsegin, eroso, irisgarri eta osasungarri, harremanak izateko, eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko”.
Estazio meteorologiko bat jarri da, “pertsonen bizi kalitaterako garrantzitsuak diren parametroak kontuan hartuz, obraren aurreko eta osteko egoera neurtzeko”, azaldu du diputatu nagusiak. Zehazki, tenperatura, zarata, airearen kalitatea edo argiztapena neurtuko ditu espazio hori eraldatu bitartean, eta, horrela, “pertsonengan eta haien ongizatean pentsatuz diseinatzea eta eraikitzea zer garrantzitsua den frogatuko da”.