Lau emakumek salatu dute La Sallek bazuela Ezkiagaren sexu abusuen berri
Ezkiagaren aurkako neurririk ez hartzea leporatu diete lau emakumeek kongregazioari. Ikastetxeak dio ez dutela orain arte sexu abusuen berririk izan.
La Salle ikastetxea Patxi Ezkiaga idazle eta irakasle legorretarrak ikasleei egiten zizkien sexu abusuen jakitun zegoen, lau emakumeren lekukotzak aipatuz El País egunkariak gaur jakinarazi duenez. Lau emakume horiek 90eko hamarkadan jasan zituzten Ezkiagaren abusuak: 1991n, 1995ean, eta 1996an. Salatu dute urte haietan Ezkiagak egin zizkien abusuen berri eman zietela zenbait irakasleri, eta ikastetxeak ez zuela haren aurkako neurririk hartu.
«Konfiantzarik handiena geneukan irakasleari kontatzen genion, eta barre egiten zuten», esan dio El País egunkariari Leire G. izeneko emakume batek. Abusuen biktimek kazeta horri azaldu diotenez, «sistematikoak» ziren sexu erasoak. Ikasgelan, bere bulegoan, Isabako kanpalekuan, «ahal eta nahi» zuenean egiten zituen. Gisa horretako pasadizo bat gogora ekarrita, zera kontatu dio egunkari horri Olatz Mercaderrek: «Bere bulegora deitu ninduen 1992-1993ko ikasturtean, idazlan batzuk zuzentzeko. Tente zeukan zakila, eta gainean esertzeko agindu zidan». Jasandako abusuak argitara atera dituztenen arabera, kongregazioko kideek gertatzen zen «guztiaren» berri zuten.
Ezkiaga urte luzez aritu zen Donostiako Loiola auzoko ikastetxean, euskara irakasle. Marisol Zamorak salatu zituen lehenengoz haren abusuak —1970eko hamarkadan jasan zituen aurrenekoz—, joan den maiatzean. Ordutik, hilabete eskasean, El País egunkariak 24 ikasle ohiren lekukotzak bildu ditu —horietatik hemezortzi emakumeak dira, eta guztiek jasan dituzte sexu abusuak—; denek 9 eta 17 urte artean zituzten.
Irakurri albiste osoa Berria.eus webgunean.