Dendak Kalera aterako dituzte bihar Legazpiko merkatariek
Azoka egingo dute Kale Nagusian egun osoan zehar, musikaz eta bestelako ekintzaz lagunduta. Tonbolako sariak ere zozkatuko dituzte iluntzean.
Ilinti merkatari elkarteko dendak eta zerbitzuak kalean egongo dira bihar 09:00etatik 20:30era arte, Kale Nagusia merkatalgune handi bat bihurtuz. Dendak Kalera egitasmoaren edizio berri bat da, eta udako tonbolarekin hasi ziren Ilinti Egunak itxiko ditu.
Aurtengo Dendak Kalera festan honako komertzio hauek parte hartuko dute, postua jarrita edo salgaiak denden kanpoaldera aterata: Algar, Aranzazu optika, Cristina, Eder lentzeria, Laubide belar denda, Ibargutxi kirolak, Korosti kafea, Kukas, Lanbroa Bi, Maitia, Mimaru, Oskarbi optika eta Urcelay oinetakoak. Horiez gain, Mari Romero, Lara Odriozola eta Nagore Belastegi idazleek postua jarriko dute, baita KATE, Hotz Legazpi eta Bakuntza elkarteek ere.
Jai giroa eta jarduera asko
Dendak Kalera festa giroan egingo da, eta eguerdian trikitilariak eta paella eta fruta brotxetak jateko aukera izango dira. Arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara haurrentzako puzgarriak izango dira, eta ondoren, Bakuntza dantza taldearen emanaldia. Horiez gain, 18:00etatik aurrera Loak eta Akerren Seinale musika taldeen emanaldiak izango dira, eta egunari amaiera emateko, udako tonbolaren sariak zozkatuko dituzte.
EGITARAUA
09:30- Irekiera
12:00- Trikitilariak
12:00- Lintxo maskota kalean zehar
13:30- Paella eta fruta brotxetak
16:00-18:00- Puzgarriak
18:00- Bakuntza dantza ikuskizuna
19:00- Lintxo maskota kalean zehar
18:00-20:00- Kontzertuak: Loak eta Akerren Seinale taldeak
20:00- Sarien zozketa