Sindikatuek Zumarragako posta bulegoan bizi den egoera "onartezina" dela diote
Correosen ordezkaritza duten CCOO, LAB, ESK, UGT eta ELA sindikatuek Zumarragako bulegoaren egungo egoera “jasanezina” salatu dute. “Plantillari dagokionez, lanpostu huts ugari daude. Adibide gisa, goizeko txandako langileen egoera: egun batzuetan 5 pertsona baino ez daude bete beharreko 13 lanpostuetarako. Hau da, %62a ez da betetzen. Zoritxarrez, egoera hori oso ohikoa da lantoki honetan. Plantillak hainbat elkarretaratze egin ditu langile falta salatzeko, baina enpresak ez du kontratazioak egiteko inolako asmorik. Uztailaren 7an oporraldian sartuko gara eta oporretara joango diren langileak inork ez dituela ordezkatuko aurreikusten da”.













