Sorgintxulok ireki du aurtengo Uztakale
Azken urteetan bezala, kultura eta aisialdi jarduerak kalean gauzatuko dira Legazpin. Atzo jarri zen martxan Uztakale egitaraua, eta San Ignazio auzoko jaiak barne hartuta, uztailaren 31ra arte luzatuko da.
Uda honetan ere, kalera aterako dira kultur ekitaldiak eta aisialdi jarduerak Legazpin. Aurtengo Uztakale martxan dago, astelehenean Sorgintxulo taldeak plazan haurrei eskainitako jolas eta bestelako jarduerekin, eta uztailaren 19ra arte luzatuko da; uztailaren 31ra arte, San Ignazio auzoko jaiak sartuta.
Beti bezala, era askotako ekitaldiak eskainiko ditu Uztakalek, ikus-entzunezkoak, musika, antzerkia, bertsoak eta haurrentzako ekintzak. Guztiak doan izango dira eta kalean gauzatuko dira.
Egitarauan jasota dauden ekitaldiez gain, auzoetako jaiak ere sartu dituzte Uztakalen. Hala, uztailaren 18, 19, 20 eta 21ean Santa Marina jaiak ospatuko dira Aztirian, eta uztailaren 28, 29, 30 eta 31n, San Ignazio jaiak izen bereko auzoan.
Bestelako ekitaldien atalean sartzen dira uztailaren 1ean hasiko diren Uztalai udaleku irekiak, udako marrazketa ikastaro trinkoa, Nerabeentzako Zerbitzuak antolatutako udako programazioa eta kiroldegiko ikastaro eskaintza.
Aste honetako ekitaldiak
Sorgintxuloren asteleheneko jolas saioaren ondoren, bihar festa giroa izango da egun osoan zehar Kale Nagusian Dendak Kalera azokarekin, etzi Orekatu Oreka Zirku Eskolak zirku ikuskizuna egingo du Laubideko kale nagusian 19:00etan, Alaitasuna errondailako kideek familia eta lagun arteko emanaldia egingo dute ostiralean Agirre-etxeberri parkean 19:00etan, eta ostiralean ere, 22:00etan, Dj Gei-rekin disko festa izango da Azokan, Aniztasun Afektibo Sexualaren Astearen barruan.
Egitarau osoa www.legazpi.eus webgunean dago.
tere