Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu
Felix Urkola Lazkaoko alkate ohiak Maria Ubarretxena urretxuarraren lekukoa hartuko du Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu gisa. Sailaren izen eta funtzioak berritu ditu.
Felix Urkola izango da Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu berria. Bihar hartuko du kargua, Eider Mendoza diputatu nagusiaren eskutik. Maria Ubarretxena urretxuarraren lekukoa hartuko du. Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua da astelehenetik.
Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako sailak izena eta funtzio berriak ditu. Udalekiko eta eskualdeko erakundeekiko harremana hartuko baitu bere barruan aurrerantzean, eginkizun horiek indartzeko asmoarekin. Diputatu berriak Gipuzkoako udalekiko eta toki- eta eskualde-erakundeekiko lankidetza arintzeko eta sakontzeko lan egingo du, herritarren beharrei “erantzun hobea ematea ahalbidetuko duen lurralde-ikuspegiarekin”. Udal errealitatea eta udalen funtzionamendua ezagutzen ditu; izan ere, Lazkaoko alkate izan zen 1999 eta 2007 artean, eta 2015 eta 2019 artean, eta udalerri bereko zinegotzi 2007 eta 2015 artean. Euskalduna da Urkola, Zuzenbidean lizentziatua EHUn, eta graduondoko diplomatua Herri Administrazioetan (EHU eta HAEE).
Bide azpiegiturei dagokionez, errepideetan ziklo berriaren oinarriak finkatzen jarraituko du, behin Gipuzkoako biribilgunea osatuta eta lurraldeko azpiegitura handiak martxan daudela. Digitalizaziorantz eta Gipuzkoako bide-sarearen jasangarritasunerantz “jauzi erabakigarria” egingo du. Erronka hori “gaitasun handiko bide-sarea eta bigarren mailako errepide-sarea mantentzearekin eta birgaitzearekin uztartuko da, horiek funtsezkoak baitira lurraldearen modernizaziorako, lehiakortasun ekonomikorako eta garapen sozialerako”. Urkola, Plangintzako eta Kudeaketako zuzendaria izan zen Bide Azpiegituretako departamentuan 2007-2011 legegintzaldian.
Urkola orain arte diputatu nagusiaren kabineteko buruzagia izan da. Haren lekukoa Maria Belokik hartuko du.