San Joan sagarrak ireki du fruta horren denboraldia
Landare saltzaileen eskaintza aldatzen hasi da, eta udazkenari begira jarri da. Perretxikoetan ere nabari dira aldaketak. Bitartean, alberjinia bezalako barazki berriak iristen hasi dira.
Gaurkoa udako lehen feria izan da Ordizian, eta berritasunez beterik egin da, eguraldi beroaz eta bisitari eta erosle ugariz lagunduta. Ordiziako erdigunean nabaritu dira haurren eta gazteen eskola oporrak, eta giro bikaina izan da goiz osoan zehar.
Berritasunetako bat fruten atalak eman du, San Joan sagarrarekin. Egutegiarekin bat etorri da aurten sagar hori, urteko lehena, eta denboraldia ireki du. Itsasoko Estala Goikoa baserriko lurretan hazitako sagarra da, eta Maria Jesus Oriak jarri du salgai, kiloa 3 euroan. Oraindik tamaina txikikoa da, eta gazi samarra, baina horrelakoa gustuko dutenak ere badaude, eta gaur behintzat, erosleak ez ditu falta izan.
Barazkietan ere izan da berririk. Piperren familia hazteko, piper morroa iritsi da, Patxi Arizmendiren Aramako negutegietatik. Kiloa 5 euroan jarri du salgai. Piperretan eskaintza geroz eta zabalagoa da, eta dagoeneko pipermina, Gernika eta piper berde luzea daude aukeran ferian.
Tomatearen eskaintza ere zabalduz doa, eta gaurtik, gerezi motakoa ere erosi daiteke, ekologikoa gainera. Iñaki Intxaustiren postuan izan du salgai horren anaia Jokinek, kiloa 7 euroan. Postu berean beste produktu batek ere hasi du denboraldia, alberjiniak, baina esan behar da di-da batean saldu dituela, kiloa 4 euroan.
Zizak, eskas
Bestetik, perretxikoen eskaintza aldatzen ari da, eta zizak agortzen hasita daude. Gaur Lasak bakarrik izan ditu aukeran, 30 kilo, 44 euroan kiloa. Barcinak ere jarri du postua, baina horrek ez du zizarik izan.
Bi saltzaileen artean 110 kilo onddo (18-33 euroan kiloa) eta 45 kilo ziza hori (18-20 euroan kiloa) ere jarri dituzte salgai.
Udazkenerako landareak
Landareetan ere ematen ari da aldaketa, eta plazako hiru saltzaileak jarri dira dagoeneko uda amaierari eta udazkenari begira. Azaren familiako landareak erosi daitezke dagoeneko, besteak beste aza kixkurra eta lisoa (0,10-0,15 euro), azalorea, brokolia, Brusela aza eta romaneskua (0,20 euro).
Urteko porrua landatzeko garaia ere hasi da, eta hori ere salgai dago, 4 euroan ehuneko sorta.
Gozo kontuak
Gozo kontuetan ere izan dira gaur berritasunak. Astigoxo elkarteko Susanne Klemmek bi tarta berri aurkeztu ditu: euskal pastela eta madari tarta. Ohi bezala, errazi0oak 3,5 euroan jarri ditu salgai, eta tarta osoa 30 euroan.
Gaurko feriak, bestalde, postu berezi bat izan du, udaletxeko arkupeetan. Oridiza bertako Oianguren institutuko ikasle talde batek belarritakoak saltzeko postua jarri dute. Aurten Batxilergoko bigarren kurtsoa amaitu dute, eta Mallorcara ikas bidaian joateko dirua behar zutenez, belarritakoak egin eta saltzea bururatu zitzaien. Ikasturte osoan zehar saldu dituzte, eta gaur azokan postua jarrita, azkenak saldu dituzte.