Zaldibiako pilotariek Atano III.ean entrenatu dute
Datorren larunbatean Oiartzunen aurka jokatuko duten Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finalaren atariko modura egin dute lan-saioa Donostian.
Hiru orduko entrenamendu saioa egin zuten atzo arratsaldean Zaldibiako pilotariek Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Datorren larunbatean Oiartzunen aurka jokatuko duten Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalaren atariko modura egin dute saioa, pilota federazioak finalistei ematen dien aukera baliatuz. Gaur oiartzuarren txanda izango da.
Dena ez da izan soilik frontoia ezagutu eta pilotan jokatzea, argazkilarien eta kazetarien eske eta galderei kasu egin behar izan baitiete.
Zale ugari Donostiara
Zaldibian beste konturik ez da azken egunetan. Historian lehen aldiz lortu du Gipuzkoako Herriarteko finalerako sailkatzea, eta herritar ugari izango dira larunbatean Donostiara joango direnak. Gaztelupe pilota klubak autobusean izena emateko deia egin zuen, eta lau autobus bete dituzte guztira. 15:00etan abiatu dira Zaldibiako plazatik. Horiez gain, gehiago ere badira finalera joango diren zaleak, 400dik gora sarrera salduko baitituzte zaldibiarrek bi egunetan.