Hotz Legazpik 451 euro bildu ditu pintxo solidarioak salduz
Herritarrei patata tortillak eskatu zizkien, pintxoak egiteko. Bi dozena tortilla jaso zituzten dohaintzan.
Hotz Legazpi elkarteak deialdi berezia egin zuen atzoko Dendak Kalera azokarako. Postua jarri zuen elkarteak errefuxiatuentzako dirua biltzeko, eta herritarrei patata tortillak eskatu zizkien, pintxo solidarioak saltzeko. Deialdiak oso erantzun ona izan zuen, 24 tortilla oparitu zituztelako legazpiarrek helburu horretarako.
Bildutako bi dozena tortillekin pintxoak egin eta saldu zituzten, eta guztira 451 euro jaso zituzten.
Hotz Legazpi “oso eskertuta” dago”, beste behin ere “erantzun itzela” izan dutelako herritarren aldetik.