Patxi Ezkiaga «ohorezko lekutik» kendu du Euskal Idazleen Elkarteak
Webguneko 'Gugan beude' ataletik kendu du idazlearen izena, iritzita «modu sistematikoan eta inpunitate osoz» sexu abusuak egin zituen pertsona batek ez duela «merezi» haren izena goraipatzerik.
Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) Zuzendaritza taldeak Patxi Ezkiagaren profila webguneko Gugan Beude ataletik kentzea erabaki du. “Modu sistematikoan eta urte luzetan inpunitate osoz sexu-abusuak egindako pertsona batek ez du ohorezko lekurik merezi aipatutako atalean; hain zuzen ere, ohoretzeko asmoz sortutako atala baita Gugan Beude”.
EIEren oharraren arabera, “azken asteotan egin diren sexu-abusu salaketak eta irakurri eta entzun ditugun lekukotasunek ohorerako lekurik ez dute utzi. Hogeitaka lagunek EIEren bazkide zen Patxi Ezkiagaren aldetik sexu-abusuak pairatu zituztela aitortu zutenetik, Zuzendaritza batzordeko kideok bueltaka ibili dugu gaia, eta biktimei sinesgarritasun osoa aitortzen diegunez gero, uste dugu salaketa larrien aurrean gure ohoretza lekutik kentzea ezinbestekoa dela, berauei gure babes osoa emateko”. Neurri horrekin, “EIEko zuzendaritza batzordeko kideok ez ditugu erasotzaileak babestu nahi eta garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako egoeren aurrean jarrera irmoa mantentzea”.
Legorretako Udalak Patxi Ezkiaga Lasari urteetan zehar hainbat goraipamen eta izendapen egin dizkio ere jakinarazi zuen ekainaren 7an.