CIEko langileak bidegorriaren auzia konpontzeko eske dira
Enpresa komiteak urteak daramatza konponbide eske, eta erakundeetara ere jo dute, baina ez dute erantzunik jaso. Bitartean, lanean ari diren gunetik igarotzen direnak arriskuan daudela diote.
CIE Legazpi enpresako langileek ohar bat kaleratu dute lantegi erditik igarotzen den bidegorriaren auzia konpontzeko eskatuz. “Legazpin bidegorri ederra dugu, baina CIE Legazpiko langileen eguneroko lanak desitxuratzen ditu, eta bertatik igarotzen diren pertsona guztiak arrisku larrian jarri”, diote.
Egunero kamioiak, orga jasotzaileak eta abar igarotzen diren lekuetatik paseatzen, korrika edo txirringan dabilen jendea topatzen dutela azaldu dute, eta “gero eta maizago gertatzen dira istiluak eta balaztadak, egunen batean ezbeharren bat gertatu arte”.
Komiteko ordezkariek gogoratu dute bost urte baino gehiago daramatzatela enpresari gai horretan esku hartzeko eskatzen, eta “zorigaiztoko istripu larri bat gertatzeko arrisku larria” ekiditeko exijitzen.
Alkateari arazoaren berri ere helarazi nahi diote, eta martxoan bilera egiteko eskaria egin eta gero eta erantzunik jaso ez zutenez, udaletxera bertara joan zirela eta ekainaren 20rako egin zutela hitzordua azaldu dute. Baina bileraren bezperan, “udalaren deia jaso genuen bilera egiteko arrazoirik ez zegoela esanez. Enpresako zuzendaritzarekin hitz egiteko esan ziguten, beraiek baitaude Aldundiarekin harremanetan”.
Enpresako zuzendaritzari arazoarentzako irtenbide bat eskatzen urteak daramatzatela diote, baina “erakundeetara bidaltzen gaitu, eta erakundeen artean pilota elkarri pasatzen diote”. Bien bitartean, paseatzaileak, eskola umeak, bizikletak, kamioiak eta orga jasotzaileak espazio berean daudela azpimarratu dute, eta “egoera oso arriskutsua da guztientzat”.
“Zenbat denbora gehiago pasatuko da neurriak hartu aurretik? Itxaron behar al dugu istripu larriren bat gertatu arte? Zer gertatuko da adingabe bat harrapatzen duen langilearekin? Eta familiarekin? Eta baloiak kanpora botatzen dituzten erakundeekin?”.