Uztalai astelehenean hasiko da
Legazpiko haurrentzako udaleku irekiak uztailaren 1etik 24ra bitartean izango dira. Aurten 270 haur elkartuko dira, eta udalak 25 begirale eta zuzendaria kontratatu ditu.
Uztalai udaleku irekiak hurrengo astelehenean hasiko dira, datozen hiru asteetan herriko 270 haurrei aisialdirako gunea eskainiz. Haur guztiak 23 taldetan banatuko dira, eta udalak kontratatutako 25 begirale eta zuzendaria arduratuko dira haien zaintzaz eta aisialdi jardueren gidaritzaz.
Udalekuak 09:30ean hasiko dira, eta haurrak, mailaren arabera dagokien elkargunera joan beharko dira. HH-2koak edo 2021ean jaiotakoak Haztegi ikastolak Latxartegin dituen geletan elkartuko dira, HH-3koak (2020) Haztegi ikastolak Latxartegin dituen geletan, HH-4koak (2019) Agirre-etxeberri parkean, HH-5ekoak (2018an) Latxartegi parkean, LH1-LH2koak (2017-2016) Azokan, eta LH3-LH4koak (2015-2014) Euskal Herria plazan.
Legazpiko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatuta, udako eskaintza hau uztailaren 1etik 24ra gauzatuko da aurten, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 12:30era, euskaraz erabat. Hiru aste horietan denetariko ekintzak gauzatuko dituzte, begiraleek aurretik prestatu duten egitarauari jarraituz. Aurten ere ez da faltako San Ferminetako entzierroa.