Xabi Zurutuza Assen zirkuituan dago, munduko txapelketarekin jarraitzeko
Italiako Mogellon izandako istripuak eragindako geldialdia amaitu, eta lehiarako prest dago berriz ere moto pilotu legazpiarra.
Xabi Zurutuza osatu da Italiako Mogello zirkuituan izandako istripuaren ondorengoetatik, eta prest dago asteburu honetan munduko txapelketari berriz ekiteko. Istripua ekainaren 2an izan zuen, eta aste gutxiko geldialdia besterik ez du egin hautsitako hezurrak sendatzeko.
Hala, lasterketarik galdu gabe, txapelketako hurrengo hitzorduari helduko dio Herbehereetan, Assen zirkuituan. Bertan da dagoeneko Zurutuza, entrenamenduak eta sailkatze probak egiten, eta igandean izango du lasterketa, 11:00etan. Telebistaz ikusi ahal izango da, DAZN eta Movistar+ plataformetan.
Ohi bezala, Legazpin Karibe Zaharra tabernan dute eginda hitzordua pilotuaren jarraitzaileek, han dagoelako bere fan klubaren egoitza.