Altamira auzoko jaiak ospatuko dituzte bihartik igandera bitartean
Txupinazoa 17:00etan bota ondoren, apar festa izango da. Igande gauean, 21:00etan, sardina erreta amaituko dira.
Altamirako jai batzordeak antolatuta, Altamirako auzotarrek hiru eguneko festa egitaraua prest dute. Ostiralean 17:00etan botako dute festen hasiera iragarriko duen suziria eta jarraian, apar festa eta Dj Adonayrekin Holi party-a izango da. Iluntze partean, 18:00etan, XII. Futbolin txapelketa, 20:00etan buruhandiak eta erraldoiak trikitilariek lagunduta eta 20:30ean jubilatuentzat luncha Txola tabernan eta Yuyarina Kausay dantza izango dira. Gauerako, Orkresta elektrotuna (21:00) eta Xarma Leone ordiziarrarekin karaokea (00:00) antolatu dituzte.
Mozorro lehiaketa
Larunbateko lehenengo orduak haurrei zuzenduak izango dira. 10:00etan, krosa eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiaren eskutik hamaiketakoa, eta 11:00etan marrazki lehiaketa izango dira. 12:00etan pintxo lehiaketa, 16:30ean mus txapelketa herrikoia Zortziko tabernan, 18:00etan herri kirolak Saralegi anaiekin eta 20:00etan buruhandi eta erraldoiak izango dira trikitilariek alaituta. 22:30ean Xaiborrekin dantzaldia hasiko da eta 23:00etan mozorro lehiaketa. 02:00etan, musika gaua antolatu dute Altamirako gazteek.
Igandean, azkenik, 12:00etan, Altamirako bizilagunen elkarteko kideek pintxoak prestatuko dituzte auzora gerturatzen direnentzat eta jarrian jokoa izango dira. Arratsaldean, berriz, 17.00etan Martarekin eskulanak eta Necora disko jartzailea, 18:30ean Txoborro magoa eta 20:00etan DJ Necora. Altamirako jaiak, sardinaren hiletarekin amaituko dira, 21:00etan.