Gorka Gomez, euskal argazki rallyen sari nagusiaren bila
Legazpiko argazkilaria lehen postuan dago sailkatuta erkidegoko hamalau rallyekin egiten den txapelketan. Lesakakoan lehen saria jaso zuen atzo, eta irailaren 15ean Legazpin egingo den rallyan du orain burua jarrita.
Lesakako (Nafarroa) argazki rallya irabazita, lehen postuan kokatu da Legazpiko Gorka Gomez argazkilaria, IX. Herriz Herri Euskadiko argazki rallyen txapelketan. Txapelketa hamalau rallyz osatuta dago, eta horien artean dago Legazpikoa, Ikatza elkarteak antolatutakoa. Aurten irailaren 15ean izango da.
Asteazken iluntzen jaso zituen Lesakako sariak Gomezek, bat ez, lau irabazi zituelako. Ekainaren 2an egindako lehiaketako sari orokorra irabazteaz gain, bertan ezarritako bost gaietatik hirutan ere saria jaso du: burdina, petaloak eta gazteria. Uraren gaiaren saria Beasaingo Manu Barreirok irabazi du, eta berdintasunarena, Javier Lopezek.
Makila lortzea helburu
Gomezentzat «erronka pertsonala» da Herriz Herri txapelketaren saria irabaztea, makila bat. Lehenengo aldiz parte hartzen ari da txapelketan asmo horrekin, «lehenago ere ibilia naiz, baina rally solteetan parte hartzen».
Orain arte sei egin dira, eta bostetan parte hartu du; bi sari nagusi irabazi ditu Zornotzan (Bizkaia) eta Lesakan, eta bigarrena izan da Errenterian. Sailkapen nagusian lehena doa, Sopelakoaren (Bizkaia) emaitzen zain. Hurrengoa rallya Legazpikoa da. Hortik aurrera Ataun, Donostia, Altsasu, Beasain, Tolosa eta Soraluze geratzen zaizkio. Txapelketaren hirugarren postuan Barreiro beasaindarra dago
Gomez Ikatza elkarteko kide da, eta rally hauetara askotan beste kide batzuekin batera joaten da. Horietako bat da Mikel Bravok, eta honek lehen saria irabazi zuen Irungo rallyan. Gurutze Langarika bigarrena izan zen Irunen, eta orain, zazpigarren postuan dago Herriz Herriko sailkapenean.