Irene Paredes futbol zelaiko belarra irailaren 5erako egongo da berrituta
Udalak kontratatu duen enpresak ekainaren 27tik irailaren 5era arteko epea du belarra aldatzeko. Lan horiengatik bertan behera utzi dute futbol-7 txapelketa, eta Irene Paredes futbol campusa Zumarragako Argixaon egin dute.
Udalak jakinarazi duenez, Irene Paredes kirol guneko futbol zelaian laster hasiko dira lanetan, belarra aldatzeko. Lan horiek egiteko kontratatu den enpresari 10 asteko epea ezarri zion, ekainaren 27tik irailaren 5era artekoa. Enpresak lana epearen barruan amaituko duela ziurtatu du.
Belarraren aldaketa egiteko uda garaia aukeratu zuen udalak, futbol zelaia erabiltzen duten kirol eta bestelako elkarteei ahalik eta oztopo gutxien eragiteko. Hala ere, lanak ekainaren 27an has zitezkeela kontuan hartuta, Futbol 7 txapelketa herrikoia bertan behera utzi zuten antolatzaileek udalarekin adostuta, eta Irene Paredes futbol campusa Zumarragako Argixaon egin behar izan dute.
Udalak kexak jaso dituela adierazi du, baina campusaren kasuan, «zuhur» jokatu nahi izan duela zehaztu du, eta horregatik, kirolari gaztetxoen Zumarragara joateko autobusaren kostuaren zati bat bere gain hartu du.