Ordiziako Azoka ezagutzeko ibilbide autogidatu berria sortu dute
Ordiziako Azoka eraldatu eta biziberritzeko egitasmoarekin jarraituz, eta turismoari lotuta, azoka ezagutzeko ibilbide autogidatua sortu dute. Ordiziako Azokaren historia errepasatzearekin batera, herriko hamabi gune esanguratsu lotzen ditu ibilbideak.
Ordiziako Azoka eraldatu eta biziberritzeko egitasmoarekin jarraituz, eta turismoari lotuta, azoka ezagutzeko ibilbide autogidatua sortu dute. Ordiziako Azokaren historia errepasatzearekin batera, herriko hamabi gune esanguratsu lotzen ditu ibilbideak. Autogidatua izanik, “bisitariek nahi duten momentuan egin ahal izango dute, bai panelen bidez eta baita audioen bidez ere”, nabarmendu dute aurkezpenean Adur Ezenarro alkateak eta D’Elikatuzeko Leire Arandiak.
“D’Elikatuz Zentroan hasita, hamabi gunez osatutako ibilbidea jarraitzeko aukera izango du bisitariak. Horretarako, garai bateko argazkiekin eta azalpenekin hornitutako xaflak jarri dira herriko 12 puntutan. Gainera, QR kodeen bidez audioak deskargatu ahal izango dira, lau hizkuntza desberdinetan (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa)”.
Bestalde, tren geltokiaren parean eta herriguneko sarrerako eskaileren ondoan, Ordiziako mapa bat ere kokatu dute. “Bertan, herriko interes puntu nagusiak eta urtean zehar ospatzen diren jai eta ospakizun garrantzitsuenak jasotzen dira. Eta nola ez, baita Ordiziako Azokako ibilbide berria ere”.
Hauek dira xaflak jarri diren herriko hamabi puntuak:
- D’Elikatuz Zentroa. Barretxe.
- Peru artzainaren eskultura
- Goizane eskultura, plazan
- Udaletxeko arkupeak
- Mariane eskultura, Oilo-kale
- Geltokiko eskilarak
- Alhondiga, Muxika Dorretxea
- Goen plaza
- Garagartza plaza
- Azoka plazara sarbidea
- Asko kale
- Goierriko Nekazal Kooperatiba
Ordiziako Azokako webgunean ere deskargatu daiteke informazioa.
Proiektu hau, Europar Batasuneko Next Generation laguntza-funtsaren bidez garatu den Ordiziako Azokaren Transfomrazio Digital eta Iraunkorrerako Plana: Azoka XXI egitasmoaren barruan kokatzen da.
Udako eskaintza turistikoa Ordizian
Udako kanpainari dagokionean, D’Elikatuz Zentroa eta Ordiziako turismo bulegoa irekita egongo dira uztailean eta abuztuan zehar, astelehenetik ostiralera (10:00-13:00 eta 16:00-19:00) eta asteburu eta jai egunetan (11:00-14:00 eta 16:00-19-00).
Hainbat bisita eta esperientzia gastronomiko ere zehaztuta dituzte uztailean eta abuztuan zehar. Asteazkenero, azokarekin batera, Ordiziako Azoka: Iragana, oraina eta etorkizuna ibilbide gidatua egingo dute. Abuztuko ostiraletan, berriz, Ordiziako herrigunearen eta eraikinen historia ezagutzeko Ordizia denboran zehar bisita gidatua egingo da. Eta nola ez, norberak nahi duenean, Ordiziako Azoka ezagutzeko ibilbide autogidatua egiteko aukera ere izango du.
Ekintza horietan guztietan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, 943 88 22 90 telefono zenbakira deituta edo turismo@ordizia.eus helbidera mezu bat bidalita.