Zaldibiako Herri Hezitzailea egitasmoari hiru ekimenekin emango diote abiada
Haurrei begirako lanketa hasiko dute irailetik aurrera. Ipuin kontaketa eta jolas herrikoiak egingo dituzte, hilean behin. Liburu txoko bereizia sortuko dute Karreanen umeentzat, eta asteartean auzolanean muntatuko dute.
Bultzada handia emango diote Herri Hezitzailea proiektuari Zaldibian, irailetik aurrera. Antolaketa mailan, talde eragilea sortu dute herrian, Lardizabal eskolako, guraso elkarteko, udaleko eta interesatutako herritarrek osatuta. Horrez gain, haurrei begira garatuko dituzten hiru ekimenen berri eman dute.
Zaldibiako udalerriak 2019an Oinherri Herri Hezitzaileen Sarearekin bat egin zuenez geroztik, haurren eta nerabeen ikuspegia herrian txertatzeko zer egin daitekeen aztertzen jardun dira. Pandemiaren etenak eten, diagnostiko bat xehatu zuten, eta udaberrian nerabeentzat Gazteleku zerbitzua ireki zuten. Orain, haurrentzat begira hasiko dira.
Ipuinak eta jolasa ardatzak
Galtzen ari diren balio, jokabide eta ohitura batzuen kezkatik abiatu dute ekimena, herriko sarea, kolektibitatea eta jarrera aktiboa lehenetsita. «Gizartearen joera eta teknologia berriak herri txikietan eragin zuzena izaten ari direla ohartu gara, eta horrek erronka berriak sortu dituela Zaldibian. Badago herriarekiko atxikimendua galtzeko arriskua», ohartarazi dute. Izaera herrikoia duten ekimenak sustatuko dituzte, haurrak eta gaztetxoak «herriko parte sentitzeko».
Hala, Ipuin Kontaketa Herrikoia da berritasun bat. Irailetik aurrera, hileko azken asteazkenean 16:30ean, zaldibiarrak ipuinak edo historiak kontatzen jarriko dizkiete haurrei. «Ahozkotasuna da egitasmoaren ardatza, eta formatu irekia izango du». Edadekoek bezala kanpoan jaiotako herritar batek bere ama-hizkuntzan konta dezake zerbait.
Bestetik, Jolasa Plazara ekimena sortu dute, hileko bigarren ostiralean 17:00etan garatzeko. Jolas librerako materiala emango zaie haurrei, eta jolas gidatuak antolatuko dituzte boluntarioek. «Teknologia berriak nagusi diren garai honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu betiko kaleko jolasak berreskuratzea eta sustatzea, beti ere euskara oinarri hartuta».
Liburu txokoa muntatuko dute
Bi ekimen horiekin batera, leku fisiko bat ere atonduko dute, Karreane kultur etxeko erabilera anitzeko beheko aretoan: haurrentzako bereizia eta berezia izango den Liburu Txokoa. Udal liburutegian haurren liburuen mailegu zerbitzua badago, baina haurrek euren artean edo gurasoekin lasai irakurriz egoteko tokia prestatuko dute, 1-8 urte bitartekoentzat. «Haurren beharretara egokitua izango da, bertan giro goxoan liburuak irakurtzeko aukera izan dezaten».
Liburu txokoko altzari berriak muntatzeko laguntza eskatu dute. Auzolana deitu dute datorren astearterako, uztailak 23 (10:00-13:00 goizean, 16:00-19:00 arratsaldean). Irailaren 13an aurkeztuko dituzte herrian egitasmoa eta talde eragilea.