Espainiako Gobernua Gasteizko loturaren alde agertu da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela atzera egingo erantzun dio
Oscar Puente Espainiako Garraio Ministroak Euskal Y-aren Gasteizko loturaren alde hitz egin du. Ezkio-Itsasoko lotura-proiektuak eragozpenak eta arazo teknikoak dituela adierazi du. Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat Ezkioko lotura "herri apustua" da.
Oscar Puente Espainiako Garraio Ministroak Euskal Y-aren Gasteizko loturaren alde hitz egin du. Oraindik erabaki ofizialik hartu ez duten arren, argi mintzatu da: “Gasteizko aukera da egingarriena”. Ministerioak behin betiko ibilbidea zehazteko denbora duela ere gaineratu du. Ezkio-Itsasoko lotura-proiektuak eragozpenak eta arazo teknikoak dituela adierazi du.
Garraio ministroak bi arazo tekniko aipatu ditu Ezkio-Itsasoko alternatibari lotutakoak: batetik, udal eta jabe partikular batzuk ez dutela zundaketa hidrogeologikoak egiteko baimenik eman eta “zundaketarik gabe ibilbide hori aukera gisa kontuan izatea ere ezinekoa” dela dio Puentek; baina oztopo hori gaindituta ere, Ezkio inguruan Abiadura Handiko Trenak puntu zehatz batean martxa alderantzizkatu beharko lukeela azaldu du eta horrek konplexutasun teknikoak dituela batetik eta eragina izango lukeela ibilbidearen iraupenean, bestetik.
AHT proiektuaren jarraipena egiteko goizean Iruñean Maria Chivite gobernu lehendakariarekin elkartu ostean hitz egin du ministroak.
Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak esan duenez, eurek ez dute ministoerioaren komunikazio ofizialik jaso. Harrituta agertu da Berasaluze, iritzia aldatu dutelako; “zentzugabe” jo du eta zergatia ez dakitela esan du, baina aldundiak ez duela atzera egingo ziurtatu du, Ezkioko lotura, “Gipuzkoaren apustua baino, herri apustua” delako. “Ikusi besterik ez dago Ezkio-Itsasoko geltokia bukatuta dagoela. Ez diogu inongo zentzurik ikusten lotunea Gasteizekin egin nahi izateari. Guk apustua mantenduko dugu estrategikoki hori izan behar delako lotura eta Gipuzkoako Foru Aldundiak tinko eutsiko dio jarrera honi”.
Y-aren loturaz hitz egiteko duela egin batzuk bilera eskatu zioten Jose Antonio Santano garraio estatu idazkariari baina oraindik ez du erantzun jaso. Oscar Puentek gaur esandakoak entzunda, berari ere bilera eskatuko diotela iragarri du Berasaluzek.
Espainiako Gobernuak bere erabakia Gipuzkoako Aldundiarekin partekatu behar duela esan du, berriz, Jose Antonio Asensiok, Gipuzkoako Aldundiko Diputatu Nagusiorde sozialistak. Asensiok berretsi du aldundiak gipuzkoarren interesak defendatuko dituela: “andundiak baditu bere lehentasunak eta bere konpromisoak. Gipuzkoako interesak defendatuko ditugu orain eta beti”.