Hiru egun Madalena jaiez gozatzeko
Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegiko bizilagunentzako topagune izan ohi dira, urtero Madalena jaiak. Ohiko ekintzez gain, berrikuntzak ere sartzen dituzte urtero jaietako egitarauan.
Bihar hasita hiru egunetan zehar Madalena jaiak ospatuko dituzte Alegi auzoan. Alegi hiru udalerri hartzen dituen auzoa da —Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegi— eta berezitasun hori tarteko, «topagune» izan ohi dira jaiak, Ainhoa Aldasoro festa batzordeko kidearen hitzetan. «Oso festa herrikoiak dira. Auzo bat gara, urte guztian zehar elkartea eta meza izan ohi ditugu elkartzeko guneak. Hortaz, festak, beste giro batean elkartzeko aitzakia polita dira», dio.
Egitarauari dagokionean, jada ohitura bihurtu diren ekintzak mantentzen dituzte, baina «ekintza berriak ere» antolatzen dituzte urtero. Bihar arratsaldean festei hasiera emango dien sagardo dastaketa da klasiko horietako bat. Gipuzkoako Sagardogile elkartearekin elkarlanean antolatzen dute. Guztira 15 sagardo dastatzeko aukera egongo da, «bost inguruko baserrietako ekoizleenak eta hamar, sagardogile elkarteak ekarriko dituenak».
Herri afarian 200 bat pertsona elkartuko dira iluntzean eta ondoren, Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia egingo dute. Beste klasiko bat, 30 urtetik gora baitaramate madalenetan musika jartzen.
Gastronomia eta musika
Larunbatean azken urteetan egin gabe egon diren bi ekitaldi berreskuratu dituzte aurten: mus txapelketa eta aizkora erakustaldia. Ezkioko Joxe Ugarteburu eta Unai Etxeberria aizkolariek parte hartuko dute, besteak beste.
Itsasoko Ostatuko Manu Hernandez sukaldariak antolatzen duen ardo dastaketa ere ezinbestekoa da Madalena jaietan. «Lau ardo eta cava bat aukeratu ditu, pintxo banarekin uztartuta dastatzeko», azaldu du Aldasorok. Madalena eguneko —astelehenean— parrillada ere Hernandezek berak prestatuko du.
Astelehenarekin egokitu da aurten jaietako egun handia. Ohiko mezarekin hasiko dute eguna, Izazpe abesbatzak lagunduta. Auto klasikoen erakustaldia egongo da gero. «Badaude zenbait herrikide auto klasikoak dituztenak eta horien errestaurazio lanetan aritzen direnak», azaldu du Aldasorok. Sei bat auto jarriko dituzte erakusgai. Modestoren musika saioak ere ezinbestekoak dira madalenatan. Aurten ere gerturatuko da Alegira bere traktorearekin festak musikaz alaitzera.