Txiki-Txokoaren lehen urratsak
Haur txikientzako aisialdi gune estali baten ekimena hasiko du Legazpiko Udalak. 2023an egindako Eraiki Dezagun ekimenean jasotako iradokizunen harira sortu zen.
Legazpiko Udalak txiki-txokoa sortzeko proiektu baten hasiera anuntziatu du. Gune itxi eta seguru bat, haur txikien eta haien familien aisialdirako “bereziki” diseinatua. Proiektu hau 2023ko irail eta urrian egindako Eraiki Dezagun Legazpi ekimenaren bidez jasotako herritarren eskaerei erantzuteko sortu da. Udaleko Hezkuntza Sailaren babesa eta sustapena ere badu.
Txiki-txokoa egunero egongo da irekita eta leku seguru eta estalia eskainiko du haurrek gurasoekin jolas dezaten, batez ere eguraldi txarra egiten duen egunetan. Entretenimendu gune bat emateaz gain, inklusibitatea, guraso eta seme-alaben parte hartzea, interakzio soziala eta bestelako balioak sustatzea da helburua.
Proiektua diseinatu eta martxan jartzeko, lantalde bat osatu dute, eta dagoeneko hasi dituzte lehen bilerak. Ikasturte berria hastearekin batera, talde hori sendotuko dute, eta gurasoen parte hartze aktiboa eskatuko dute. Oraindik ez dute zehaztu txiki-txokoko erabiltzaileen adin tartea, eta erabaki hori lantaldearen barruan adostuko dute. Espazioaren xehetasunak eta erabiltzeko irizpideak ere zehaztuko dituzte, baina sarrera doakoa izango dela aurreikusi dute. Txiki-txokoa udazkenerako prest egotea espero dute.