Haurrek hartuko dute aginpidea asteburuan Ordizian
Santa Ana jaietako lehenengo asteburuan haurrek hartuko dituzte kaleak. Bihar 12:00etan, hasiko da festa, txikien kuadrillak elkartu eta txupinazoa botata.
Aurreko egunetan Ordizian festa giroa izan bada ere, ofizialki bihar hasiko dira Santa Ana jaiak. Haurren asteburu handia da bihar eta etzikoa, nahiz eta helduxeagoak ere ez diren atzera geratuko. Ekitaldi ugari antolatu dituzte txikienen gozamenerako.
Lehenik eta behin, bihar, 10:00etan, 2023. urtean Ordizian erroldatutako jaioberriei zapi urdina jarriko diete udal ordezkariek, jaio orduko, festan murgildu daitezen. Ordizian aurten erroldatutako haur jaioberriak 107 dira, eta atzerrian bizi diren ordiziarren 8 jaioberriek ere jasoko dute Ordiziako zapia.
Eta eguerdiarekin batera, 12:00etan, iritsiko da momentu gorena. Aginpidea hartuko dute udaletxean Izewuwa Ehimwonzee eta Aitor Esnaola alkate jaun-andre berriek. Laguntzaileak ere izango dituzte ondoan haurren asteburuan: Enaitz Fajardo aguazila, eta Adei Etxarri eta Kai Donsion mazodunak. Txikien kuadrilla koloretsuak Plaza Nagusian elkartu eta txupinazoarekin lehertuko da festa.
Burrunbazale txaranga, txistulari, buruhandi eta erraldoien artean ibili ondoren, Plaza Nagusian bazkari herrikoia egingo dute 454 umeek, Katekesi taldeak antolatuta.
Bazkalondoren, freskatu bat hartuko dute Garagartza plazan eta inguruetan jarriko duten ur parkean. E.R. Matxain ile-apaindegiak babestutakoa izango da, uztailaren 24an izango den Rockalean musika taldearen emanaldia bezala. Aurten Ordiziako ile-apaindegiak 30. urte bete dituenez, herritarrekin batera ospatu nahi izan du. «Herriari eskerrak emateko modua da”, argitu du Esti Ruano ile-apaintzaileak.
Igandean danborrada
Igandean haurren ohiko aurreskuan 80 umek parte hartuko dute eta haurren danborradan 365 haurrek. Danborradako koronela, Jaume Gimeno izango da.
Barrakak Bizkaia pasealekuan jarriko dituzte aurten ere. 15:00etatik 17:00etara bitartean, musikarik ez da izango da barraken gunean. Horren harira, berritasun bat bada Adur Ezenarro alkateak zehaztu duenez: «21ean eta 25ean, luzatu egingo da musika gabeko tartea, 18:00ak arte, behar bereziak dituzten herritarren eskaerak kontuan hartuta».
Zezen plazaren kokapenari dagokionean, aurten aldaketa izango da, San Bartolomeko aparkalekuan jarriko dute.
Eraso matxisten protokoloa
Erasoen aurrean ez gara isilduko. Ez dugu beste aldera begiratuko. Mezu horixe irakur daiteke festetako egitarauko azken orrian. Herriko hainbat publikotan ere jarriko dute edozein erasoren aurrean 24 orduko 747 474 056 telefonoa zenbakia egongo baita aktibatuta. Alkatearen esanetan, «24 orduko zerbitzu bat kontratatu da eraso matxista bat baldin badago arreta emateko. Iazko koordinadora feministarekin jarri genuen elkarlanean, eta beraiek eduki zuten telefonoa. Aurten zerbitzu profesionala kontratatu da. Aldundiak dituen mekanismoez gain, Ordizian jaietan 24 ordutan zerbitzua aktibatuta egongo da».
Segurtasunarekin jarraituz, Matutina gauean, «gau guztian anbulantzia bat egongo da».
Santa Ana aldizkaria
Santa Ana aldizkaria salgai dago, 7 euroan, Larratxa eta Manso liburudendetan eta D’elikatuzen.
Zirkulazioan aldaketak
Autobusei dagokienean, Beasaingo noranzkoan, Lurraldebus-Goierrialdeko autobu geltokietan aldaketak izango dira: San Juan, Bizkaia, Jose Arana, Ordizia eta Urdaneta 40 anulatuko dira eta soilik Otegi Eneako eta Urdaneta 78 (Malkasko)-ko geltokiak egingo dira. 28an, kaleko garbiketa lanak amaitu arte bakarrik. Ibilbide luzeko autobusak Malkaskon geldituko dira eta ez Ordizia kalean. Donostiarako noranzkoan, beti bezala, Renfeko geltokian geldituko da.l