Larunbatera arteko festak hasi dituzte Ordizian
San Jose egoitzan Karmen Arregik bota du Santa Ana jaietako txupinazoa eta udaletxeko balkoitik Ordizia igeriketa eta errugbi elkarteetako eta Urdanetako ikastetxeko ordezkariek, aurten mende erdia ospatu dutelako.
Ordiziako Santa Ana jaietako eguneko lehenengo txupinazoa San Jose egoitzan bota du Karmen Arregik, Adur Ezenarro alkatea ondoan zuela. Txupina lehertzearekin batera, Ordiziarrak gera gu abestia jo du Burrunbazale txarangak. Egoiliarrak eta udal ordezkariak dantzan jarri ditu Ordiziako txarangak. 2019an hasi ziren San Jose egoitzan ere txupinazoa botatzen. Hurrengo urtean, pandemiaren ondorio latzak jasan behar izan zituzten San Jose egoitzan, eta hildakoen oroimenez, atarian jarritako eskulturan, lore sorta jarri du Ordiziako alkateak.
Hiru ordu laurden beranduago, oraindik ere asteazkeneroko azokako postuak eta barazkiak Plaza Nagusian zirela, Ordiziako errugbi elkarteko ordezkariek bota dute lehenengo txupinazoa, Igeriketa elkartekoek bigarrena eta Urdaneta ikastetxekoek hirugarrena. Herriko hiru eragileek, 50 urte bete dituzte aurten. Ordiziarrez betetako Plaza Nagusiak, ozen kantatu du Ordiziarrak gera gu abestia, Burrunbazale txarangaren laguntzarekin.
Larunbatera arteko etengabeko festa hasi da Ordizian.