Hasi dira Gabiriako festak
Makila jaitsi dute gabiriarrek elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira, eta bertatik irakurri du jaien hasierako pregoia herriko emakume talde batek. Suziria botata, larunbat gauera arte ekitaldiz beteta ospatuko dituzte Andra Mari festak.
Herriko plazan “Gora Gabiri eta gora gabiritarrak” oihukatuz, txalo eginez, elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira makila jaitsiz eta ondoren suziria jaurtiz hasi dituzte festak Gabirian, gaur arratsaldean. Adineko emakume talde bat arduratu da larunbat gauera arte luzatuko diren aurtengo Andra Mari jaiei hasiera emateaz.
Emakume talde hori ostegunero elkartzen da udaletxeko areto batean dinamizatzaile baten laguntzarekin eskulanak eta bestelako lan batzuk eta ekintzak egiteko, aktibo mantentzeko eta elkartzeko helburuarekin. Jaietako pregoia irakurtzeko gonbita jaso zuten, eta ez diote hutsik egin hitzorduari. Festetan parte hartzeko eta osteguneroko bilkuretara hurbiltzeko eskatu die gainerako herritarrei udaletxeko balkoitik.
Jai hasierako ekitaldian txistulariak eta dantzariak ere izan dira plazan, baita buruhandiak ere giroa alaitzen.
Aurretik, pilota partidak izan dira Alkainburu pilotalekuan. Lehenengo nesken txanda izan da. Binaka, paleta goman, gorriz, Leire Murua eta Miren Garate aritu dira jokoan, eta urdinez, Naia Begiristain eta Eresti Oiarbide; 22-16 irabazi dute gorriek. Mutilek eskuz jardun dute ondoren, binaka. Gorriz jokatu dute Haritz Goena lazkaotarrak eta Patxi Ormazabal gabiriarrak, eta urdinez, Xabier Naldaiz eta Mikel Etxezarreta olaberritarrek. Olaberrikoek irabazi dute 22-16.
Bestetik, egunean zehar, txistulariak ibili dira etxez etxe, aspaldiko ohiturari eutsiz. Biribilketa joz, baserrietara joaten dira urtero, jaien hasiera iragartzeko.
Gaur da lehen eguna, eta festa girorik ez da faltako goizaldera arte. Gazteek afaria egingo dute plazan 21:00etan, eta gauerdian, Elektrotxorongo elektro-txarangak girotuko du Gabiriako kaskoa.
Bihartik aurrera ere izango da zer egin.
ARGAZKIAK ETA BIDEOA: Aimar Maiz
EGITARAUA
Abuztuak 14, asteazkena
- 13:00. Herri kirol erakustaldi-apustua, plazan.
- 16:300. Umeentzat ur jolasak eta apar festa.
- 18:30. Bertso saioa, plazan. Andoni Egaña, Alaia Martin, Nerea Elustondo, Jexuxmari Irazu, Aitor Tatiegi eta Aratz Igartzabal.
- 23:00. Kontzertuak: Ithaka, Belako eta DJ Fresamorango.
Abuztuak 15, osteguna, Andre Mari eguna
- 11:15. Meza nagusia.
- 12:00. 31.Txirrindulari igoera herrikoia, Ormaiztegitik Gabiriara.
- 18:00. Ume jolasak eta haurren mozorro dantza.
- 18:30. Bola eta toka lehiaketak. Izen-ematea 19:30 arte.
- 22:30. Itzal erromeria taldea.
- 00:00. Mozorro lehiaketa.
- Ondoren. Itzal erromeria.
- Goizaldean, baratzuri-zopa.
Abuztuak 16, ostirala, San Roke eguna
- 11:15. Meza nagusia.
- Ondoren. Goruntz dantza taldearen saioa.
- 19:00. Sagardo dastaketa eta txistor lehiaketa-dastaketa.
- 18:30. Bola eta toka lehiaketak. Izen-ematea 19:30 arte.
- 23:00. Kontzertuak: Leihotikan, Tatta&Denso, eta DJ Bull.
- Goizaldean, baratzuri-zopa.
Abuztuak 17, larunbata, San Roke Txiki eguna
- 12:00. Bola, toka eta tiragoma lehiaketak, herritarrentzat.
- 16:30-19:00. Umeen Eguna, atrakzioak.
- 19:00. Ardo beltz banaketa.
- 20:00. Herri afaria, plazan.
- Arratsaldean eta gauean, Joselu Anaiak musika taldea.