Ezpata dantzarekin ospatu dute zumarragarrek amabirjinaren eguna
Irrintzi taldeko kideek meza aurretik dantzatu dute lehenik, parrokian, eta plazan gero. Ohorezko aurreskua ere egin dute plazan. Antxinako Ama txistularien laguntza izan dute.
Abuztuko amabirjinaren eguna ospatzeko, ezpata dantza egin dute gaur goizean Irrintzi dantza taldeko dantzariak Zumarragako parrokian, aspaldiko ohiturari eutsiz. Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatu dute Euskadi plazan, agintarien eta herritarren aurrean.
Abuztuaren 15eko ezpata dantzaren ekitaldia udaletxe azpialdean hasi da, bertan Irrintziko dantzariak, Antxinako Ama txistulariak eta udal agintariak elkartu direnean, Handik, parroki eliza aldera abiatu dira, eta komitiba 11:00etako kanpai hotsekin hartu dute elizak eta bertan bildutako herritarrek. Meza nagusiaren aurretik dantzatu dute ezpata-dantza dantzariek.
Plazan elkartu dira gero dantzariak eta txistulariak, eta ohorezko aurreskua eskaini dizkiete udaletxeko balkoian zeuden agintariei eta behean elkartu diren herritarrei.
Gaur dantza egin duten dantzariak uztailaren 2an Antiguan dantzatu zuten berberak ziren: kapitainak Paula eta Elena Urteaga ahizpak, Nekane Martin eta Sara Bidarte izan dira, eta sokan, Nahia Alustiza, Joseba Arratibel, Iñaki Urteaga, Irati Etxeberria, Ane Esnal, Nahia Tubia, Adur Garmendia, Malen Larrañaga, Irati Marin eta Miren Hernandez joan dira.
Plazako aurreskuan, Paula Urteaga izan da aurreskularia, eta amona Marisol Irizarri egin dio dantza; atzeskularia, berriz, Sara Bidarte izan da, eta aita Juan Luis Bidarte atera du dantzara.