Zerain festatan da
Herriko gazteek kantatutako bertsoak eta elizako kanpaien hotsek eman zieten hasiera ofiziala Andra Mariei atzo iluntzean. Sagardo eta oilasko hego eta txistorra dastaketak jendetza elkartu zuen herrian. Musikarik ere ez zen falta. Gaur da festetako egun handia.
Zerainen festa giroa astearte iluntzean zabaldu bazen ere, atzo hasi ziren ofizialki Andra Mari jaiak herrian. Herriko gazteek bertso bat abestu zuten jaien hasierako pregoi gisa plazan, eta elizako kanpaien hotsek egin zuten ofizial aurtengo Andra Marien hasiera, 20:00ak inguruan.
Hauxe abestu zuten gazteek, Badira hiru aste doinuarekin:
Aurten e aillau da momentua
herriko festak hasteko,
herritar denok jaien aitzakin
elkarrekin ospatzeko, nahiz gazte taldeei tokatu zaigun
orain zerbait esateko,
adin ta gustu guztientzako
jaiek dauzkeu gozatzeko.
Ospa ditzagun jaiegun hauek
giro ederreko martxan, elkar zainduz eta errespetatuz,
hori ez jarri zalantzan,
gor Zerain eta zerindarrak,
baserrietan zein plazan,
ospa ditzeun gure Andramarik
musikaz, kantuz eta dantzan!
Ondoren, sagardoa, Luma Gorri oilasko hegoak, Lakiolako txistorra eta gazta barra-barra dastatu zuen plazan elkartu zen jendetzak. Amarru elektro-txarangak jarri zuen iluntzean, eta gauean Nikotina taldeak hasieran, eta Trikidantz taldeak ondoren.
Bi jai egun dituzte oraindik aurretik zeraindarrek. Gaur egun handia da, Andra Mari eguna, eta ekitaldiz betea dago, tartean arratsaldean egingo den herri kirol norgehiagoka. Bihar gauean amaituko dira festak.
EGITARAUA
Abuztuak 15, Andra Mari eguna
10:00. Meza nagusia.
Ondoren, txistularien goiz eresia herrian barrena.
12:00. Pilota lehiaketa finala, plazan.
12:30. Txakolin dastaketa eta txorizo egosia, plazan.
17:00. Andre Mari bola txapelketa.
18:00. Herri kirol erakustaldia. Herriko gazteak eta aizkolariak: Eneko Artzelus (Zerain) eta Iñaki Ibarguren Lakiola (Mutiloa); Xabi Dorronsoro (Zerain) eta Josu Ibarguren (Legazpi); eta Joseba Arakama (Zegama) eta Aitor Urteaga (Idiazabal).
20:00. Triki-poteoa mozorrotuta. Iker Sukia eta Aritz Markinez trikitilariak. Plazatik abiatuta.
21:30. Gazte afaria, Ostatuan.
23:00. Kontzertuak: Alarma Morea eta DJ Expuela.
Abuztuak 16, ostirala
11:30. Meza nagusia.
Ondoren, txistularien goiz eresia herrian barrena.
12:30. Solkie dantza taldearen emankizuna.
13:00. Herriko gaztagileen gazta dastaketa eta toka txapelketa, plazan.
17:00. San Roke bola txapelketa.
17:00. Eriz magoaren ikuskizuna, eliza atarian.
19:00. Bertso-triki poteoa, Ostatuan hasita. Bertsolariak Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran. Trikitilariak, Toberako ikasleak.
20:30. Herri afaria.