Xabier Isasa lan bikaina egiten ari da Espainiako Vueltan
Ostiraleko etapan lehiakorrenari dagokion saria eman zioten.
Xabier Isasa (Euskaltel-Euskadi) txirrindulari urretxuarra Espainiako Vueltan parte hartzen ari da, lehenengoz. Larunbatean 23 urte bete zituen eta, seguru aski, bere bizitzako urtebetetze egun zoriontsuenetakoa izan zen. Izan ere, lan bikaina egiten ari da. Dagoeneko bi ihesalditan parte hartu du. Ostiralean bakarrik ihes egin zuen eta 142 kilometro egin zituen tropelaren aurretik. Hala, biharamunean, bere urtebetetze egunean, etapako lehiakorrenari dagokion saria eman zioten. Gainera, maillot solidarioa eman zioten, ihesaldian zehar erakutsi zuen jarreragatik. Lasterketa ikusten ari ziren haurrei bidoiak oparitu zizkien. Telebistan, haur batzuk egindako saski batean bidoi bat nola saskiratu zuen ikusi ahal izan zen. Nazioarteko komunikabide ezberdinetan eta sare sozialetan saskiratzearen bideoa argitaratu dute. Maillot solidarioaren helburua Senegalera bizikletak bidaltzea da, bertako haurrak eskolara bizikletaz joan ahal daitezen.
Isasaren saskiratzea ikusteko, sakatu hemen.
Isasa oso gustura ageri da, noski. “Ez nekien Vueltara ekarriko ninduten ala ez, baina ondo nengoen eta ekarri egin naute. Oso esperientzia polita izaten ari da, baina gogorra. Lehen bederatzi egunetan sekulako beroa egin du eta, gainera, aurtengo ibilbidea oso gogorra da. Horretaz gain, txirrindularien maila oso altua da”.
Vueltan munduko onenetako batzuk parte hartzen ari dira, baina Isasak bere burua erakustea lortu du. “Bi ihesalditan sartu naiz. Bigarren ihesaldia bakarrik egin nuen, beste inor ez baitzen animatu. Hurrengo egunean lehiakorrenari dagokion saria eman zidaten eta dortsal berezi batekin aritu nintzen. Jende askok zoriondu ninduten. Polita izan zen”.
Maillot solidarioa ere eman zioten. “Umeei bidoiak emateagatik eman zidaten. Haur batzuk saski bat egin zuten eta bidoia saskiratu nuen. Asmo berezirik gabe egin nuen. Etapa amaitu zuenean, mundu guztiak saskiratzearen bideoa bidali zidan. Dibertigarria izan zen”.
Larunbatean bere urtebetetze eguna ospatu zuen, gainera. “Polita izan zen. Aurreko egunean ihesaldia egin nuenez, mundu guztiak nire urtebetetze egunaren berri izan zuen eta zoriondu egin ninduen”.
Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendariak oso gustura daude Isasa eta bere taldekideak egiten ari diren lanarekin. “Oso pozik daude, taldea ondo ibili baita lehen astean. Hurrengo bi asteak oso gogorrak izango dira. Ea hurrengo etapetan ere lan ona egiten dugun. Ondo nago, baina egunotan txirrindulari batzuk egun batetik bestera lehertu egin direla ikusi dut eta ez naiz fio. Bederatzi edo hamar etapako probaren batean parte hartu izan dut, baina horiek ez dira Espainiako Vuelta bezain gogorrak”.