Kuiak eta hurrak iritsi dira, uda amaitzen ari da
Abuztuko azken feria izan da gaurkoa, eta udazkenaren seinaleak agerian geratu dira. Porrua aldatzen hasita dago jendea.
Oraindik aste batzuk falta dira, baina gaur, abuztuko azken asteazkenean, agertu dira uda amaieraren lehen seinaleak Ordiziako ferian. Izan ere, lehen kuiak eta hurrak iritsi dira, udazkenaren gertutasuna iragartzeko.
Kuiak Zeraingoak ziren, Iñaki Intxaustiren Mendarte baserrikoak, Gernika motakoak, ekologikoak. Kiloa 2,8 euroan jarri du salgai. Kuiatxoa bezala, aurten asko izango direla esan du zeraindarrak, eskuetan bost kilotik gorako pieza bat altxatzen zuen bitartean.
Hurrak, berriz, Aramakoak ziren, eta salgai izan dira Jaione Irazustaren postuan, kiloa 5 euroan. Kilo erdiko poltsetan zituen prestatuta, eta azkar asko saldu dituela esan du aramarrak eguerdi aldera, jendea zain zegoelako seguru aski. Hurrekin batera, Irazustak txikoria ere aurkeztu du, bakoitza 1,3 euroan.
Barazkiekin jarraituz, lekak ere aipatu behar dira, ferian bost mota ezberdin erosteko aukera izan delako gaur. Maria Jesus Oriak izan ditu gehienak: igitai motakoa, gorria zapala eta borobil morea eta berdea. Beste postuetan berde zapala ere bazegoen aukeran. Lekaren kiloa 6 eta 7 euro artean dago. Esan behar da aurten ez dagoela beste urteetan adina, aurtengo lekaren uzta ez da ona.
Tomatearekin ere gauza bera gertatzen ari da, eta ez dago ia aire librekorik. Orain, gainera herdoila hartzeko arriskuan omen daude baserritarrek aipatu dutenez, gauak eta goizaldeak hotzak direlako, eta goizetan ihintza sortzen delako.
Sagarrak eta tipula landarea
Lekak eta tomateak ez bezala, sagarrak izango omen dira aurten ugari, eta feriara iristen ari dira mota berriak astetik astera. Gaur Aragoiko marroixka izenekoa jarri dute salgai Oriak eta Arantxa Lopetegik, kiloa 3 euroan. Aurrerantzean iritsiko dira sagar mota gehiago, baita saltzaile bat gehiago ere, hurrengo astean delako hasteko denboraldia Errezilgo Simon Aizpuru.
Landareetan, berriz, porrua aldatzeko garaia da orain, eta horregatik ikusi dira ilaratxoak goizean goiz plaza barruko hiru landare saltzaileen postuetan. Ehuneko sortetan saltzen dute porrua, eta makina bat saldu dituzte gaur, sorta bakoitza 4 eta 4,50 euro artean.
Perretxikoen eskaintza motel dabil oraindik. Lasak eta Barcinak 45 kilo ziza hori (10-20 euro artean kiloa) eta 40 kilo onddo (22-33 euro) eskaini zituzten.
Euliak uxatzeko haizagailuak
Amaitzeko, bitxikeria bat ere kontatu behar da, Mutiloako Beñat Telleriaren postuan ikusitakoa. Izan ere, gazte honek haizagailu txiki batzuk jarri ditu postuan, gazta urdinaren ingurura hurbiltzen diren euliak uxatzeko. Eta hori lortu du nonbait, etengabe mugitzen diren hegalek ez dietelako hurbiltzen uzten euliei.