Legazpiko Udalak igandeko Artzain Egunean parte hartzeko deia zabaldu du
Aurten, berritasun gisa, photocall bat antolatu dute, baserritar jantzien erabilera bultzatzeko. Haurrentzako jolas saioa ere berria da egitarauan. Aitxurin egingo den herri bazkarirako txartelak salgai daude udaletxean.
Irailaren 1ean, igandean, Gipuzkoako Artzain Eguna hartuko du Legazpik azken urteetan bezala, eta Erik Galvez alkateak eta Edurne Matias zinegotziak dei egin dute festa horretan parte hartzeko, “latxa ardia, Idiazabal gazta ea artzain txakurraren inguruko egitarau oparoa” antolatu dutela esanez. Goizean zehar, Gipuzkoako Artzain Gaztaren 40. Lehiaketa, gazta eta sagardo dastaketa, artisauak, gaztagintza tailerra, ardi mozketaren erakustaldia, ardi erakusketa eta ardi okelaren lehiaketa izango dira, besteak beste. Hori guztia plaza inguruan izango da, eta arratsaldean, Gipuzkoako artzain txakurren 55. txapelketa jokatuko da, Urtatzan.
Goizeko ekitaldien artean berritasunak izango direla iragarri dute bi udal ordezkariek, eta horietako bat haurrentzako jolasak izango dira. Elizako parkearen ondoan egingo dituzte, eta eguraldi txarra eginez gero, Urbeltz pilotalekuan.
Eguneko beste berritasuna, photocall-a izango da. “Baserritarrez jantzita joateko tradizioa berreskuratu nahi da, eta horretarako ekimen txiki hau jarri dugu martxan”, azaldu dute. Photocall horretan baserritarrez jantzita argazkiak ateratzera animatzen dituzte herritarrak. Argazki horiek instagramera igo eta Artzain Egunaren @artzainegunalegazpi kontuarekin etiketatzen dituzten artean, “kuadrilban gozatzeko bazkari bat” zozkatuko dute.
Galvezek eta Matiasek omenaldiak ere azpimarratu dituzte, horiek ere Artzain Eguneko ezinbesteko bihurtu direlako. Edizio honetan Juan Yaben, Juan Jose Ezkurra eta Joaquin Ezkurra, Ameriketako artzainak eta artzain munduan erreferente izan den Milagros Oiartzabal ere omenduko dituztela aurreratu dute. Horrez gain “sorpresaren bat” egongo dela ere jakinarazi dute.
Urtero egiten den herri bazkaria ere gogoratu dute. Aitxuri jatetxean izango da, eta tiketak salgai daude 25 euroan udaletxean. Bazkalondoren, artzain txakurren txapelketa ikusteko aukera izango da, eta horrekin eman zaio amaiera egunari.
“Geurea den ondare guzti hau, ezagutu, dastatu eta bizi nahi baduzu, zatoz igandean Gipuzkoako Artzain egunera!”, esan dute amaitzeko.
Artzain Eguneko egitaraua
Irailak 1, igandea:
10:00 Postuen irekiera
9:45-10:30 Lehiaketarako gaztak jasotzeko tartea
10:45 Gipuzkoako Artzain Gaztaren 40. Lehiaketaren hasiera
11:00 Gaztagintza tailerra haur eta gaztetxoentzat
11:00 Gazta dastaketa: herritarren saria (1.go gazta bukatzen den arte)
11:00 Legazpi Musika banda
11:30 Sagardo dastaketaren irekiera
12:00 Gazteek osatutako epaimahaia Gazta Lehiaketan
12:00 Ardi-okelaren Gipuzkoako 32. lehiaketa
12:15 Ardi mozketaren erakustaldia/ Artilearen lanketaren erakustaldia
12:45 Ardi-okelaren banaketa
13:15 Artzainei omenaldiak
13:30etik aurrera: sari banaketa
Trikitixa emanaldiarekin girotuko dute goiza
Goizean zehar:
Euskal Herriko Latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa
Artzai Gazta elkarteko kideen gazta salmenta
Sagardo dastaketa
Artisauen erakusketa eta azoka udaletxearen aurrealdean
Haurrentzako jolasak, KULKI : ARTZAINEN HERRI KIROLAK.
14:30 Herri bazkaria Aitxuri jatetxean
17:30,Gipuzkoako 55. Artzain Txakur Txapelketa, Urtatzan