Brinkolako rock kontzertua, 30. urtemugarako bidean
Aurten 29 urte beteko dira San Agustin jaietako egitarauan txertatzen hasi zirenetik. Biharko emanaldian Eraso, Rodeo eta Letagin taldeek joko dute, 23:00etan hasita. Gauari amaiera emateko, Woolen Dj legazpiarraren saioa.
Rock kontzertua ezinbesteko hitzordua da Brinkolako San Agustin jaietan, ia duela 30 urte egitarauan lehen aldiz txertatu zutenetik. Ordutik, inguruko gazteen topagune bihurtu da, eta bere ibilbide luzean hainbat eta hainbat musikariri eta musika talderi eskaini die oholtza, baita Brinkolako bertako batzuei ere. Aurten Eraso, Rodeo eta Letagin taldeekin eta DJ Woolen-ekin osatu du kartelera. Bihar izango da, eta 23:00etan hasiko da, geltoki ondoko karpan.
Eraso 1996an Zarautzen sortu zen taldea da, eta dark rock crossover estiloa lantzen du. Nazioartean izen handia duten Korn, Slayer, Machine Head edo Sepultura taldeekin agertokia partekatu du.
Rodeok bigarrenez joko du auzoan. Zestoan 2015ean sortutakoa da, stoner rock jotzen du, eta pasarte psikodelikoak eta riff indartsuak ditu. Lau disko ditu eta ehunka kontzertu egin ditu, besteak beste Resurrection Fest, Eurosonic edo EHZ jaialdietan. Suitzan, Japonian eta Hego Korean ere jo du. Orain, Moira&Hybris lan bikoitzaren biraren amaieran dago murgilduta.
Letagin taldea Oñatikoa da, 2018an sortutakoa. 2020an atera zuen Letagin izeneko diskoa, eta bigarren lana grabatzen ari dira.
Woolen Dj-a edo Andoni Romero legazpiarra ere ezaguna da auzoko festatan, eta kontzertuaren ondorengoa girotuko du, txosnan.
Aurtengoa 29. urtea izango da rock kontzertu hau auzoko gazteen ekimenez jaietako ostiralean egiten dela, eta dena ondo bidean, hurrengo edizioarekin 30 urteko ibilbide osasuntsua osatuko du.