Legorretako Ibai-Ondo pasealekuko zorua konpontzen hasi dira
Ubideak ere berregin eta 1 Errepidearen zubi ondoko arrapala ere moldatuko dituzte. Bestalde, azken hilabeteetan hainbat konponketa ere egin dituzte Legorretan.
Legorretan gaur hasi dira Ibai-Ondo pasealekuko zoruaren konponketa lanak. Udalaren esanetan, “gaur egungo zoladuraren egoera txarraren ondorioz, hainbat puntutan putzuak sortzen dira, eta honi konponbidea emateko, asfalto inpresozko zoru berria ipiniko da”. Era berean, ubideak berregingo dituzte eta 1 Errepidearen zubi ondoko “arrapala moldatu egingo da irisgarritasun baldintzak hobetu ahal izateko”.
Eregi Herrilan eta Zerbitzuak S.L. enpresak egingo ditu lanak; 155.448,81 euroko aurrekontuarekin. Lanek 15 asteko iraupena izango dutela aurreikusten du udalak.
Herri bideetako konponketak
Bestalde, Legorretako Udalak jakinarazi duenez, azken hilabeteetan hainbat konponketa egin dira hainbat herri bidetan. “Urte hasieran aurreikusitako konponketez gain, otsailaren 27an izandako euriteek eragindako kalteen ondorioz, beste konponketa batzuk ere egin beharra izan dira”. Lan hauen kostua 53.690,37 eurokoa (+BEZa) izan da.
Konponketen zerrenda ondorengoa da:
– Legorretazar bidea: Bidean zartatuta zeuden lau puntutan egin dira konponketak. Horietaz gain, autoak modu egokian iritsi daitezen, Egiñu baserrira doan bidean hainbat konponketa egin dira.
– Ibiur zerrategiko bidea: Bidea erori ez dadin, otsaileko euri jasek eragindako luizia konpontzeko horma egin da.
– Mujuri bidea: Merenderora doan bidean errebuelta egoera txarrean zegoen eta hormigoiez bidea hobetu da.
– Olalde bidea: Bidea eusten duen hormak hainbat kalte zituen eta egonkortasuna bermatzeko hobetze lanak egin beharra izan dira. Gipuzkoako Foru Aldunditik 4.939,22 euroko diru laguntza jaso du udalak.
– Arbilaenea bidea: Arbilaenea bidean zeuden hainbat zulo tapatzeko, hartxintxarrez betelanak egin dira.
– Hilerriko bidea: Hilerriko bidean zegoen zartatua konpondu da eta menditik datozen urak bideratzeko lanak egin dira.