Ordiziako Herri Antzokian, denboraldi osorako bonuak
Zortzi saiotarako bonuak salgai daude gaurtik, 28 euroan, Ordiziako antzokian. Erabiltzaileen artean egindako galdeketatik ateratako ondorioa da funtzionamendu berria.
Herri Antzokiak herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko galdetegia egin zuen uztailean, eta bihar hasiko den denboraldiarekin, hainbat ondoriori erantzuna ematen hasiko zaie. Bonuen funtzionamendua aldatzea eta larunbatetan 16:45ean haurren saio berria izango dira lehenengo berritasunak. «Ikusiko dugu nola funtzionatzen dugun horrela. Aldaketa gehiago egin nahiko genituzke, antzokiari dagokionez baina momentuz ezin daiteke ezer gehiago egin», adierazi du Herri Antzokiko Nerea Elortzak.
Orain arte hiru hilabeteko iraupena izan dute bonuek, eta «bi pertsona soilik pasa zitezkeen bonu bakoitzarekin. Orain aldiz, denboraldi osoko iraupena duten bonuak atera ditugu eta nahi beste pase atera daitezke bertatik. 28 euroko prezioa izango dute». Eguneko sarrerak 5 euro balio du eta haurren saiokoak 3,5 euro.
«Aldaketa hau gure ustetan, gehiengoarentzat egokia izango delakoan egin dugu, jaso ditugun kexa edo iradokizun gehienak honen ingurukoak izan dira eta». Bihar jarriko dira bonuak salgai Herri Antzokiko leihatilan.
180 lagunen iritzia
Uztailean jaso zituzten herritarren iritziak eta iradokizunak Herri Antzokian. «Azken galdetegia urte batzuk lehenago egin zen eta pentsatu genuen gustuak eta jendea ere aldatu denez, komeni izango zela, herria ezagutzeko galdetegi bat egitea. Galdetegi horretan, lortu nahi genuena batik bat, ikusleen gustuak, ordutegi egokiena eta beraien nahiak zeintzuk diren ezagutzea zen», kontatu du Elortzak. 180 lagunek erantzun zuten galdetegia.
Herritarren proposamenen eta iradokizunen artean, ondorengoak dira nabarmenenak: estreinaldi gehiago eskaintzea, neguan igandeetako saioa 19:00etara aurreratzea, euskarazko eduki gehiago eskaintzea, larunbatetan ere haurrentzako saioa izatea, fatxada konpontzea, film ezagunagoak (kritika onekoak, Oscar irabazleak) eskaintzea, bonuen iraupena luzatzea, kartelera lehenago argitaratzea, bertsio originalean ikusteko aukera izatea (azpitituluekin) eta haurren zinema denboraldia luzatzea. Generoaren gustuei dagokienean, komedia zaleak dira erabiltzaile gehienak.
Asteburuko eskaintza
Asteburuan bi film izango dira aukeran: Garfield haurren filma (larunbata eta igandea, 16:45ean) eta Bad Boys (ostiralean 20:30ean, larunbatean 19:30ean eta 22:00etan, igandean 19:30ean, astelehenean 19:30ean eta asteartean 19:30ean). Asteroko filmaz gain, irailerako hiru kultur proposamen gehiago izango dira: Artea (irailak 8) eta Zopa antzezlanak (irailak 13), eta Arantzazu dokumentala (irailak 12).