Aktibatu Legazpi proiektua jarri du martxan udalak
Herritarren ongizatea eta osasuna ditu helburu. Datorren astean hainbat jarduera izango dira.
“Legazpi aktibo bat sustatu nahi dugu, eta horretarako legazpiarrak aktibatu nahi ditugu” esanez, Aktibatu Legazpi izeneko egitasmoa jarri du martxan udalak, eta datorren asterako hainbat jarduera antolatu ditu. Proiektuaren helburua herritarren ongizatea eta osasuna sustatzea da, eta Legazpi erreferentziazko herri bihurtzea arlo horretan.
Udalak azaldu duenez, gaur egun sedentarismoak edo gailu digitalen gehiegizko erabilerak eragiten duten kezkatik abiatuta, Legazpi, osasun publikoa eta mugimendua uztartzen dituen “egoera konplexuan” jarri nahi dute arreta, “herrigintzagatik, eta indarrak batuz”. Legazpi aktiboa nahi dute, eta legazpiarrak aktibatu.
Eta horretarako, mugimendua jarri dute erdigunean, herriko agente ezberdinak saretuz. Kirol klubek paper garrantzitsua izan dute prozesuaren lehen pausoetan, “baina ez dira ez bakarrak, ez nahikoak”, eta agente gehiago inplikatuko dituzte “gure bizi kalitatea hobetzeko nahian”.
Gaixotasun kronikoen intzidentzia murriztea, eta gaixo kronikoen bizi kalitatea hobetzea nahi dute horrekin. Helduen mugikortasuna eta independentzia indartzea, gazteen garapen egokia bermatzea, herritarren egoera psiko-sozial-emozionala zaintzea eta nahitakoa ez den bakardadea gutxitzea ere badira helburuetako batzuk.
Aktibatu Legazpi martxan jartzeko eta proiektuaren berri emateko, hainbat jarduera antolatu ditu udalak hurrengo asterako, batez ere txangoak eta hitzaldiak.
Hemen egitaraua:
Irailak 4, asteazkena
10:00 Euskal Herria plazan elkartu, oinez Mirandaolara joateko. Han jokoak eta jolasak izango dira. Eguraldi txarra eginez gero, jolasak eta jokoak Urbeltz pilotalekuan izango dira.
18:30 Mugimendua, bizitzaren hazi hitzaldia Aitor Alberdirekin.
Irailak 5, osteguna
09:30 Euskal Herria plazan elkartu, eta 09:45ean Laubideko biribilgunean, oinez Lakiolara joateko. Hamaiketakoa barne.
19:00 Bola jokoa Legazpin, Noiz arte? hitzaldia Ramon Iglesiasekin.
Irailak 6, ostirala
10:00 Euskal Herria plazan elkartu, oinez Mirandaolara joateko. Han jokoak eta jolasak izango dira. Eguraldi txarra eginez gero, jolasak eta jokoak Urbeltz pilotalekuan izango dira.
19:00 Zuhaitz Gurrutxagaren ikuskizuna Latxartegi aretoan (10 euro).
Irailak 7, larunbata
11:00etatik aurrera, arku jaurtiketa, bola, xakea eta puzgarriak Euskal Herria plazan.