Goierri Kopa Traileko maillot gorrien jabeak
Goierri Kopa Trail txapelketa bukatzeko bi lasterketa falta direla, Maider Unanue aramarra eta Jon Rodriguez ordiziarra dira sprint modalitateko liderrak. Idiazabalen eta Legazpin ere parte hartzeko asmoa dute.
Ohituta daude Maider Unanue (Arama, 1994) eta Jon Rodriguez (Ordizia, 1997) korrikalariak azkenaldian Goierriko Kopa Traileko podiumera elkarrekin igotzen. Izan ere, mendi lasterketen distantzia motzeko edo sprint modalitateko liderren elastiko gorriaren jabeak dira goierritar gazteak. Bi lasterketa falta dira aurtengo mendi lasterketan Goierriko liga amaitzeko: irailaren 8an Idiazabalen Axari Trail jokatuko da, eta urriaren 13an, aurten lehenengo aldiz, Legazpin Korosti Trail. Bietan parte hartzeko asmoa dute korrikalari goierritarrek, elastiko gorriari eusten saiatzeko.
Unanuek badaki zer den Goierriko Kopako erregulartasunaren saria irabaztea, iaz ere berak jantzi baitzuen lasterketa motzen modalitateko liderraren elastikoa. Aurten, otsailaren 4an Kopako bigarren proba puntuagarrian, Ordiziako proban jantzi zuenetik, ez du erantzi. «Ez zen nire asmoa aurten Goierri Kopan korrika egitea baina Ordiziako lasterketa motzean atera nintzen, probatzeagatik, eta puntuatzen hasi nintzen eta animatu egin nintzen aurten ere Goierri Kopan parte hartzera».
Kopako lehen proban, Garinen, ez zuen parte hartzerik izan, gaixorik zegoelako. «Goierri Kopako liderra izateagatik, hurrengo lasterketan parte hartzera gonbidatzen zaituzte. Hori aprobetxatuz, hurrengo lasterketara ere joan egiten zara». Ordizian, Gabirian, Seguran eta Txindoki bertikalean sailkapen orokorreko lehenengo hiru postuetan sailkatu da. Datorren denboraldira begira, lasterketa luzeagoetan aritzeko asmoa azaldu du Gaikar Zortzikotea talde arabarreko Unanuek.
Ordiziarra, proba guztietan
Rodriguezek UZ Trail lasterketan (martxoak 3) jantzi zuen lehenengoz distantzia motzetako liderraren elastikoa. «Iaz hasi nintzen karreretan parte hartzen. Goierri Kopako karrera batzuk egin nituen, batzuk motzak eta besteak luzeak, inprobisatzen bezala. Baina aurtengorako motzetako ligan lehiatzeko erabakia hartu nuen, eta horretan ere ibili naiz».
«Goierri Kopako liderra izateagatik, hurrengo lasterketan parte hartzera gonbidatzen zaituzte. Hori aprobetxatuz, hurrengo lasterketara ere joan egiten zara»
Maider Unanue. Mendi korrikalaria
Oraingoaz lasterketa guztietan parte hartu du, eta falta diren bietan ere korrika egiteko asmoa dauka, eta liderraren maillotari eustekoa. «Postu onenak egin dituzun bederatzi lasterketa hartzen dira kontuan sailkapena egiteko. Proba guztietan parte hartu dut, hamarrak egiteko asmoa daukat. Guztietan parte hartu duen bakarra naizela uste dut. Ondo ibiltzen den korrikalari bat karrera batera joaten ez bada, nahiko atzera geratzen da. Karrera hauetan konstantzia gehiago baloratzen da, postu oso onak lortzea baino», nabarmendu du Rodriguezek. Ordiziako lasterketan, bigarren postua lortu zuen proba motzean ordiziarrak.
Azkeneko bi probak
Bi proba geratzen dira Goierri Kopa Trail bukatzeko: Idiazabalgo Axari Trail (irailaren 8an) eta Legazpiko Korosti Trail (urriaren 13an). Unanuek eta Rodriguezek bietan parte hartzeko asmoa dute, elastiko gorriari soinean eusteko helburuarekin. Sariak urriaren 13an banatuko dituzte.
Uda lasai samar hartu dute, eta Idiazabalgo lasterketa uste baino azkarrago iritsi zaie: «Zerbait ibili naiz udan. Korrika entrenatu baino gehiago, mendi bueltak egin ditut. Azkenean, denok antzeko egoeran egongo gara. Beraz, karreran atera eta gozatzera. Legazpikoa berria denez, ilusioarekin nago, lasterketa berri bat ezagutzeko ilusioarekin».
«Azkeneko karrera ekainaren amaieran izan zen. Uztailean, futbol txapelketa, festak, oporrak…. udan ez da erraza korrika egitea. Nabaritzen da ia hilabete batean ezer egin gabe egon naizela»
Jon Rodriguez. Mendi korrikalaria
Rodriguez azken egunetan sartu da berriz korrikaren «errutinan». «Azkeneko karrera ekainaren amaieran izan zen. Uztailean, futbol txapelketa, festak, oporrak…. udan ez da erraza korrika egitea. Nabaritzen da ia hilabete batean ezer egin gabe egon naizela».
Irailaren 8an, 09:30ean Idiazabalgo plazan eta irailaren 13an Legazpiko plazan 10:00etan elkar topo egingo dute beraz bi goierritar korrikalariek. Axari Trailen 25 eta 16 kilometroko lasterketak egiteko aukera izango da, eta Legazpin, 23 eta 13,5 kilometrotakoak. Izen emateak, kronoak.eus webgunean egin daitezke.